Gizartea -
KORONABIRUSA
100era murriztu da Euskadin covid-19aren ondorioz ospitalean dauden pertsonen kopurua
Intzidentzia-tasa metatuak ere behera egin du. Halaber, positibo gutxiago atzeman dituzte. Hala ere, oinarrizko birsorkuntza indizea (R0) berriro igo da eta 1etik hurbil dago.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
100era murriztu dira Euskadin covid-19aren ondorioz ospitalean dauden pertsonak, zainketa intentsiboetako unitateetan (35) eta gela arruntetan (65) gaixoen kopuruak behera egin ondoren. Kopuru horiek nabarmen jaitsi dira azken asteetan.
Azken 24 orduetan, zainketa intentsiboak behar dituzten bost gaixo gutxiago daude, eta hiru, berriz, gela arruntetan. Joan den asteazkenean, 19 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, bezperan baino bat gehiago.
Euskadik 175 positibo berri atzeman zituen atzo eta intzidentzia-tasa metatua 105,88 kasura jaitsi da 100.000 biztanleko azken 14 egunetan.
Hala eta guztiz ere, Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19aren transmisioa hazi egin da berriro, baina asteartean baino gutxiago. Ugalketa-kopurua (R0), oinarrizko birsorkuntza indizea (R0) berriro igo da eta 1etik hurbil dago, 0,98an hain zuzen.
Indize horrek okerrera egin du Gipuzkoan (1,04), eta Arabak 1etik behera egin du (0,98); Bizkaian, berriz, 0,98an mantendu da.
Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak jarraitzen du positibo berrien buruan, 102 kasu atzeman baitituzte, aurreko egunean baino 25 gehiago. Gipuzkoak 52 zenbatu ditu, 18 gutxiago, eta Arabak 18 (egun bat lehenago baino 18 positibo gutxiago). Horiez gain, EAEtik kanpo bizi diren hiru pertsonak ere positibo eman dute.
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) aurreko egunean baino 12 positibo gutxiago atzeman ditu asteazken honetan, 6.786 proba diagnostiko egin ostean. Positibotasun tasa % 2,8tik % 2,6ra jaitsi da.
Asteazken honetako datuekin, intzidentzia-tasa hiru puntu jaitsi da, 105,88 kasu izan baitira 100.000 biztanleko azken 14 egunetan.
Bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan: Gipuzkoan 79,1 kasu izan dira; Araban, 109,6; eta Bizkaian, 117,3.
Bizkaiko Gueñes herria gune gorrian sartu da berriro, 100.000 biztanleko 400 kasutik gora baitaude, bi astetan metatutako intzidentzian.
Bestalde, azken orduetan 41 koronabirus kasu berri atzeman dituzte Nafarroan, aurreko eguneko datuak hobetuz, 59 kasu atzeman baitzituzten.