Gizartea -

Iruñea

Covida eta gaurkotasun politikoa, Iruñeko peñetako pankartetan protagonistak

Halaber, jaietako agente eragile guztiei datozen urteetako plangintzan parte hartzeko gonbita luzatu diete Sanferminetako Mahaian.

Peñen pankartetako bat
Peñen pankartetako bat
Peñen pankartetako bat

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemia, gaurkotasun politikoa, Osasuna taldearen mendeurrena edota feminismoa dira aurtengo San Fermin jaietarako peñek prestatu dituzten pankarten gai nagusiak. Bigarren urtez jarraian ezin izango dira Iruñeko kaleetan barrena ikusi, pandemiaren ondorioz aurten ere jaiak bertan behera geratu baitira.

Hala eta guztiz ere, aurten ere peñek beraien pankartak diseinatu dituzte, eta haietan Enrique Maya Iruñeko alkatea, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea, Santos Indurain Osasun kontseilaria eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentea dira protagonistetako batzuk.

Horrekin batera, feminismoa, Osasunaren mendeurrena, Palestinaren egoera, covid-19aren pandemiaren egoera, txertoak eta ostalaritzaren sektoreari buruz ere hausnartu dute pankartetan.

Iruñeko Peña Federazioak, gainera, Sanferminetako Mahaia deitzeko eta jaiak antolatzeak "duen garrantzia" ematea eskatu dio prentsaurreko batean Nafarroako hiriburuko Udalari.

Peñen Federazioko Josu Sanchezek eta Rakel Arjolek irakurri duten manifestuan Udalari datozen urteetako jaien "plangintzan jai eragile guztien parte hartze bultzatzea" eskatu die.

"Aurtengo Sanferminak 2020az bestelako agertoki batean heldu dira, baina joan den urteko kezka beretsuekin", adierazi dute peñek. Era berean, "Sanferminetako Mahaian lan egiteko" eskatu diote Udalari", "erakunde ireki horretan Udalaz gain hiriko agente eragile eta talde sozial eta kultural ezberdinak baikaude".

Aurten ere peñek euren pankartak diseinatu nahi izan dituztela azpimarratu dute, nahiz eta "beste urte batez, zoritxarrez, ezingo ditugun gure Iruña zaharreko kaleetan dantzatu".

"Aurten ezin izango ditugu pankartak nahi bezala erakutsi eta dantzatu, baina horregatik ez genituen herritarrak peñen ezaugarri garrantzitsuenetako bat gabe utzi nahi", azaldu dute.

Hori dela eta, peñek formatu digitalean erakutsiko dituzte pankartak "urte arraro hau ez ahazteko", eta gainera, uztailaren 2tik 4ra Plazara zentro komunitarioan egongo dira ikusgai.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Gaurko albisteak Nafarroan San Fermin jaiak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur