Gizartea -
KORONABIRUSA
Kutsatzeen gorakada Nafarroan, 59 kasu positibo berrirekin
Igo egin dira kutsatzeak Foru Erkidegoan, bezperan baino 21 kasu berri hauteman baitira. Erietxeetan dauden pertsonen kopurua bezperako bera da, 27.
EITB MEDIA
Nafarroan gora egiten jarraitzen dute covid-19 kasu positiboek. Atzo egindako probekin 59 kasu berri hauteman dira; bezperan baino 21 kasu gehiago dira, beraz, baina duela 7 eguneko 62 kasuen azpitik mantentzen da kopurua, hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.
Atzo 1.646 proba (966 PCR proba eta 680 antigeno test) egin ziren osasun sistema publikoan eta, positibotasun-tasa % 3,6koa da (bezperan 38 kutsatu izan ziren eta positibotasun-tasa% 2,6koa zen).
Kasu berriak adin-tarteen arabera banatuz gero, talde nagusia 15 eta 29 urte artekoa dela ikusten daa (% 44), eta ondoren 15 urtetik beherakoak daude (% 22). Ondoren, 45 eta 59 urte bitarteko taldea (% 14) eta 30 eta 44 urte artekoa (% 12). Azkenik, 60 eta 75 urte arteko taldea dago, % 8rekin. Atzo ez zen kutsadurarik erregistratu 75 urtetik gorakoen artean. Positibo berrien batez besteko adina 27,7 urtekoa da.
Milagro herrian eta Iruñeako Txantrea eta Arrotxapea auzoetan izan dira kutsatu gehien, launa, zehazki.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 27 gaixo daude ingresatuta covid-19arekin Nafarroako ospitale sarean. Horietatik zortzi Zainketa Intentsiboen Unitatean daude, beste bi etxeko ospitaleratzean eta, gainerakoak, plantan. Atzo ez zen ospitaleratzerik izan covid-19agatik, eta aurreko egunetako heriotza bat jakinarazi zen, 70 urteko emakume bat; beraz, Nafarroan koronabirusaren ondorioz guztira 1.192 heriotza baieztatu dira oraino.
Txertaketaren datuak
Txertaketari dagokionez, 6.903 dosi inokulatu zituzten atzo. Guztira 546.766 txerto eman dira eta 215.127 pertsonak jaso dute pauta osoa, atzo, 4.133 pertsonek bigarren dosia jaso ostean.