Gizartea -

Txertaketa

Osakidetzak txertaketa prozesua bizkortu du, egunean batez beste 30.000 dosi jarrita

Euskadin 16 urtetik gorako biztanleen % 62,6k lehenengo dosia jaso du, eta datorren astetik aurrera 30-39 urte bitartekoen txertaketa hastea espero da.

Txertoa. Argazkia: EFE.
Txertoa. Argazkia: EFE.
Aste honetan 171.000 txerto iritsiko dira Euskadira

2:13

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txertaketa-prozesuak azkartzen jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Osasun Sailaren arabera, Osakidetzak egunero 30.000 dosi inguru jartzen ditu, eta hori pandemiaren intzidentziaren atzerakadan antzematen ari da.

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, txerto sorta handiago baten iritsierarekin, kanpainak mugarri berriak ezartzen jarraituko du aste honetan. Gaurko datuen arabera Euskadin 16 urtetik gorako biztanleria osoaren % 62,6k lehen txertoa jaso du eta % 42,3k bi dosiak hartu ditu. Horrela, aste honetan Pfizerren 141.570 dosi jasotzea espero dute, Astrazenecaren 23.900, Jansen etxearen 6.200 eta Modernaren beste hainbat, oraindik zenbatekoa zehaztu ez bada ere.

60-69 urte bitarteko taldearentzat ere aste garrantzitsua da, immunitate osoa lortzeko bigarren dosia jasotzen hasi baitira. 45-40 urteko pertsonei dagokienez, berriz, kolektiboaren % 68k jaso du dosi bat gutxienez.

Horrek guztiak 40 urtetik beherakoen zitaziora jauzi egitea ahalbidetu du. Datorren astean hasiko dira 30 urtetik gorako pertsonak lehenengo txertoa hartzen.

50-59 bitarteko taldeari buruz galdetzean, Sagarduik argitu du Osakidetza harremanetan jartzen ari dela SMSei erantzun ez dieten adin tarte horretako pertsonekin, eta osasun-zentroetara joateko gonbita egin die, osasun-langileen deia jasotzen ez badute hitzordua eskatu ahal izateko.

Halaber, Sailburuak jakitera eman du, sinadura elektronikoa erabili beharrik gabe immunizazioa egiaztatzen duen ziurtagiria eska daitekeela, Europar Batasuneko herrialdeetatik mugitzea ahalbidetuko duena.

Aldaera delta edo indiarren eraginaren inguruan galdetuta, 79 kasu atzeman direla eta oraingoz "ez da kezkatzeko moduko aldaera" Euskadin azaldu du Sagarduik, eta Brasilgo anduiaren 641 kutsatze, Hegoafrikakoaren 166 eta Nigeriakoaren 13 zenbatu dituztela ere argitu du. Hala ere, Osasun Sailak egon daitezkeen aldaketei adi jarraitzen duela azpimarratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Txertoak COVID kasuak