Gizartea -
Koronabirusa
Osakidetza hasi da 40 urtetik beherakoei txertoa jasotzeko hitzorduak ematen
Datorren astean hasiko da 1982tik aurrerakoei txertoa ematen. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du "iristen den guztia" ematen ari direla.
agentziak | eitb media
Osakidetza hasi da covid-19aren aurkako txertoa emateko hitzorduak eskaintzen 40 urtetik beherakoei, hau da, 1982tik aurrera jaiotakoei. Hala, kolektibo horrek lehenengo dosia jasoko du datorren astetik aurrera.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du Osakidetza "iristen zaion guztia ematen" ari dela eta, horren harira, iragarri du 49 eta 40 urte artekoei lehenengo dosia ematen jarraitzen ari direla eta gazteagoei hitzorduak eskaintzen hasi direla.
Gainera, Sagarduik aurreratu du 60 urtetik gorakoei AstraZenecaren bigarren dosia jartzeari ekingo diotela asteon, eta azpimarratu du 50-59 kolektiboaren txertaketa prozesua ia amaituta dagoela.
Azaldu duenez, Osakidetza deitzen ari da hitzordurik hartu ez dutenei, eta gogorarazi du webgunea ere prest dagoela hitzorduak eskatzeko edo Osakidetzara edo osasun zentrora telefonoz deituta ere egin daitekeela.
Bestalde, Sagarduik aipatu du 1.065.157 direla EAEn covid-19aren kontrako dosiren bat jaso duten pertsonak, % 62,6 hain zuzen ere; eta % 43,2k bete dute txertatze ibilbidea.
Aste honetan Pfizerren 141.570 dosi iritsiko dira EAEra, sekula baino gehiago. Horrez gain, 71.370 iritsi ziren atzo, beste hainbeste espero dira biharko, eta AstraZenecaren 23.900 eta Janssenen 6.200 ere jasoko dituzte.