Gizartea -
KORONABIRUSA
ZIUetako egoerak eta intzidentzia metatuak hobera egin dute Euskadin
45 gaixo larri daude eta intzidentzia metatua 114tik 111ra jaitsi da. Hala ere, oinarrizko erreprodukzio tasa (R0) lau ehunen igo da, 0,90eraino, eta positibo berri gehiago (146) atzeman dituzte.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Euskadiko ospitaleetako presioa arintzen ari da, paziente gutxiago baitaude, bai zainketa intentsiboetako unitateetan, baita gela arruntetan ere, eta 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako kasu positiboen tasak ere behera egin du berriro.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan esan duenez, "ZIUetan 219 oheko oinarrizko agertokitik edo 100.000 biztanleko 60 kasuren eragin isolatutik urrun gaude oraindik", baina "aurrera egiten jarraitzen dugu eta itxaropenerako arrazoiak ditugu", azpimarratu du.
Eguneko datu negatiboen artean, R0 oinarrizko erreprodukzio tasaren igoera dago, laugarren egunez jarraian igo baita, 0,90eraino, aurreko egunean baino lau ehunen gehiago.
Igoera hori hiru lurraldeetan izan da; Bizkaian, esaterako, igoera hori nabariagoa izan da, eta 0,99an dago; Araban eta Gipuzkoan, 0,88koa eta 0,71ekoa da indize hori, hurrenez hurren.
Covid-19aren positibo berriak 98tik 146ra igo dira astelehen honetan, baina egindako proben positibotasun tasa % 1,9ra jaitsi da. Ehuneko hori hilabete honetako bigarren txikiena da, duela astebete, ekainaren 14an, % 1,8koa izan zenaren atzetik.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ia 7.500 test diagnostiko egin ditu astelehen honetan, eta 87 kasu atzeman ditu Bizkaian, 31 Gipuzkoan, 25 Araban eta 3 EAEn bizi ez diren pertsonen artean.
Azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatuak behera egin du berriro, eta 100.000 biztanleko 111,79 kasu izan dira, igandean baino 2,5 gutxiago. Bizkaian eta Gipuzkoan jaitsi egin da adierazle hori, 126,8 eta 81,2 kasura, hurrenez hurren, baina Araban 111,1era igo da.
Igandean ez zegoen 400 kasutik gorako intzidentzia duen 5.000 biztanletik gorako udalerririk, baina astelehenean Gueñes udalerri bizkaitarra gune gorrian sartu da.
Presio asistentziala apur bat jaitsi da astelehen honetan, igandean baino 8 gaixo gutxiago baitzeuden ospitaleratuta (guztira 111 daude).
Zainketa intentsiboetako unitateen okupazioa 195 ohekoa zen maiatzaren hasieran, eta orain, berriz, 45 gaixo daude, bezperan baino bost gutxiago. Gela arruntetan, 66 gaixo daude, hiru gutxiago. Astelehen honetan 23 pertsona ospitaleratu dituzte, igandean baino zazpi gehiago.
Txertaketa
Bestalde, Sagarduik azpimarratu duenez, Euskadin dagoeneko 1.065.157 pertsonak dute covid-19aren aurkako txertoaren dosi bat, hau da, % 62,6k.
Pfizerren 141.570 dosi (orain arteko partidarik handiena) iritsiko direla aurreikusi du Sagarduik. Sailburuak azaldu duenez, atzo 71.370 dosi iritsi ziren, eta "beste horrenbeste espero da biharko". Gainera, AstraZenecak 23.900 dosi bidaliko ditu, eta ostegunean Janssenen 6.200 helduko dira, horren esanetan.
Osasun sailburuaren esanetan, Osakidetzak "iristen ari den guztia administratzen du", eta, ildo horretan, 49 eta 40 urte bitarteko pertsonak lehen dosietarako txertatzen jarraitzen dutela adierazi du, eta aste honetan bertan 40 urtetik beherakoentzako hitzorduak eskaintzen hasiko dira, datorren astetik aurrera txertatzeko.
Gainera, Sagarduik aurreratu du aste honetan 60 urtetik gorakoei AstraZenecaren bigarren dosia jartzen hasiko zaiela, eta 50 eta 59 urte bitartekoen taldea ia amaituta dagoela azpimarratu du.