Gizartea -
Koronabirusa
Hegoaldetik joandako herritarrak txertatzeko baldintzak zorroztu dituzte Biarritzen
Orain arte webgune batean izena ematea nahikoa zen hitzordua hartzeko. Aurrerantzean Ipar Euskal Herrian bizi zarela erakutsi beharko da txertoa jasotzeko.
EITB MEDIA
Azken egunetan gora egin du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik Lapurdira covid-19ren aurkako txertoa hartzera joan diren herritarren kopuruak eta txertaketarako irizpideak zorroztea erabaki dute agintariek.
Frantziako Osasun Ministerioaren DoctoLib webgunean izena ematea nahikoa zen Biarritzeko zentroan hitzordua hartzeko eta hainbat gipuzkoarrek aukera hori baliatu dute txertoa ahalik eta azkarren jasotzeko.
Maider Arostegi Biarritzeko alkateak adierazi duenez, gaurtik aurrera txertoa hartzeko ordua emateko baldintzak zorroztuko dituzte. Hala, Ipar Euskal Herrian bizi zarela edo bertan lan egiten duzula ziurtatu beharko da izena ematerakoan.
Edonola ere, argitu du azken egunetan txertoa hartu duten Hegoaldeko biztanleei bigarrena emango zaiela.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du kontu honek ezustean harrapatu duela eta ez zuela gai honi buruzko informaziorik.
"Harritu egin gaitu sailen arteko eta ministerioekiko harremanak adiskidetsuak eta ohikoak izaten baitira, eta harreman asko izan ditugu mugaren inguruan gure ordezkarien eta Frantziako osasun arduradunen artean. Hala ere, horren berri izan duen jendearen eta hedabideen bidez jakin dugu honen guztiaren berri", esan du Sagarduik Onda Vasca irrati katean egin dioten elkarrizketan.