Gizartea -
HEZKUNTZA
Baxoko azterketa bat euskaraz erantzun dute Baionako 40 bat ikaslek
Probak frantsesez egitera derrigortuta daude ikasle euskaldunak. Desobedientzia ekintza horrekin etorkizunean azterketak euskaraz egiteko bidea ireki nahi dute.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Hasi dituzte baxoko azterketak Ipar Euskal Herriko ikasleek. Koronabirusaren pandemiak eraginda, iaz ez zituzten bigarren hezkuntzako ikasketen amaieran egiten diren azterketak burutu, eta, aurten, kosta ala kosta mantendu du hitzordua Hezkuntza Ministerioak.
Aurten ere, unibertsitatera joan aurretik egin beharreko proba euskaraz egin ahal izateko hainbat aldarrikapen izan dira; izan ere, azterketa gehienak frantsesez egin beharko dituzte, baita euskaraz ikasitako irakasgaienak ere.
Horren aurrean, protesta gisa, baxoko azterketen artean egin beharreko Filosofiako proba euskaraz egin dute Baionako Etxepare lizeoko 40 bat ikaslek.
Euskadi Irratia Baionan izan da Bernat Etxepare lizeoko ikasleekin. Horietako batek azaldu duenez, azterketaren hasieran sarrera txiki bat frantsesez egin dute azterketa euskaraz zergatik burutu duten azaltzeko, horrela euren helburua argiago uzteko.
Beste ikasle bat ere haserre agertu da Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean: "Filosofia euskaraz egiteko prest gaude, beti euskaraz ikasi baitugu".
Azterketa amaituta, Etxepare lizeoko ikasleek agerraldia egin dute desobedientzia ekintza horren arrazoiak azaltzeko.
Jakin badakite haien azterketak ez dituztela zuzenduko, baina protesta horrekin "etorkizunean azterketak euskaraz egiteko bidea irekitzen" lagundu nahi dutela azpimarratu dute.
"Arazoa ez da frantsesez dugun gaitasuna, azterketako notek argiki frogatzen baitute gainerateko lizeoetako ikasleen pare ibiltzen garela. Euskaraz ikasketa eskubidean datza utzia. Azterketa honetan frantsesez erantzun behar izateak sinbolikoki ere euskarari garrantzia kentzen dio, euskarazko irakaskuntza bigarren mailan utziz", adierazi dute ikasleek.
Halaber, Frantziako Gobernuak euskararen aurrean duen jarrera gogor kritikatu dute, hizkuntza gutxituen irakaskuntza arautzen duen Molac legea partzialki atzera bota zutelako duela gutxi. Eta baxoa euskaraz pasatzeko debekua estrategia horren baitan kokatu dute.
Gauzak horrela, beraien hizkuntza eskubideak bermatu arte borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute.