Gizartea -
Euskara
Seaskaren murgiltze eredua onetsi du Konstituzio Kontseiluak
Hala ere, ez du horrelakorik onartu Frantziako Estatuko Hezkuntza sare publikoan.
eitb media
Frantziako Konstituzio Kontseiluak, azkenean, onetsi egin du murgiltze eredua Seaskaren Ipar Euskal Herriko ikastoletan.
Zehazki, joan den maiatzaren 24ko ebazpenaren argudio juridikoa garatu du, eta gaur bertan azaldu du inkonstituzionaltasuna soilik hezkuntza publikoari dagokiola, ez eragile pribatuei, ikastolei edo eskola erlijiosoei, esaterako.
Ikusteko dago azalpen horrek benetan izanen duen pisu juridikoa epaiaren aurrean, baina Seaskak zein hautetsi batzuek uste dute, orain, hezkuntza pribatua lasaitzeko moduan dela.
Seaskako Peio Jorajuriak ez du zalantzarik, albiste ona dela adierazi dio EITBri. Hala ere, erne jarraitu behar dela gaineratu du, eta Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak ez duela atzera egingo. Izan ere, lege aldetik ezin badu, Ministeriotik saiatuko dela iritzi dio.
Max Brisson senatariak esan du, berriz, argi dagoela Konstituzionalak atzera egin duela.
Gai horren inguruan Parisko Asanblean sortu duten batzordean izendatu dituzten bi hautetsiekin bilduko dira egun gutxi barru Seaskakoak.