Gizartea -
EKAITZA
Euriak eta txingorrak arazoak eragin dituzte berriro Arabako Errioxan
Metro koadroko 30 litro pilatu dira Lapuebla de Labarca inguruan. Mahastiak urpean gelditu dira, eta haize gogorrak ere kalteak eragin ditu.
EITB MEDIA
Atzoko beroaren ondotik, arratsaldean bero hodeiak sortu ziren eta ekaitzak jo zuen, bereziki, Arabako Errioxan. Oraingoan, euria eta txingorra Lapuebla de Labarca inguruan nabaritu zituzten gehien.
Ekaitzaren ondorioz, baratzeak, mahastiak eta zelaiak urpean geratu dira, eta horrek kalteak eragin ditu. Maite Cordoba Lapuebla de Labarcako alkateak Radio Euskadin adierazi duenez, atzo arratsaldean metro koadroko 30 litro ur pilatu ziren. Ekaitza duela bi astekoa baino intentsitate txikiagokoa izan bazen ere, berriro ere urak hartu zituen mahastiak.
Hala ere, ekaitzak ez zuen duela bi aste bezain gogor jo.
Orduko hartan, ekaitzak 1,3 milioi euroko kaltea eragin zuen mahastietan. Guztira, 100 hektarea inguru hondatu zituen txingor ekaitzak eta beste 500 inguru kaltetu ziren.
Datozen egunetan, ekaitz gehiago izatea espero da.
Metro koadroko 55 litro Fuenmayorren
Lapuebla de Labarcatik kilometro gutxira, metro koadroko 55 litro ur pilatu ziren Fuenmayor udalerrian (Errioxa).
Fuenmayorko kale batzuk ibai bihurtu ziren. Zinema edota eliza urez bete ziren, eta suhiltzaileek ibilgailuan harrapatuta geratu ziren bi pertsona erreskatatu behar izan zituzten.
Gainera, bidean pilatutako ur kopuru handiaren ondorioz, Logroño eta Fuenmayor arteko hainbat errepide itxi behar izan zituzten, baita trenbidea ere.