Gizartea -

KORONABIRUSA

125 kasu atzeman dituzte Euskadin, uztailaren amaieratik izandako kopururik txikiena

Ospitaleetan beheranzko joerak jarraitzen du: 60 paziente ZIUetan eta 97 gela arruntetan. Intzidentzia metatuak ere behera egiten jarraitzen du eta 155 kasukoa da.

Hainbat pertsona zebrabide bat gurutzatzeko zain Bilbon. Argazkia: EITB Media.
Hainbat pertsona zebrabide bat gurutzatzeko zain Bilbon
Hainbat pertsona zebrabide bat gurutzatzeko zain Bilbon. Argazkia: EITB Media.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren kutsatze berrien erritmoak behera egiten jarraitzen du Euskadin, igande honetan 125 positibo berri atzeman ostean, uztailaren amaieratik izandako kopururik txikiena, 123 kasu erregistratu baitziren hilabete horretako 28an.

Positibo berriak nabarmen jaitsi dira Araban eta Bizkaian, baina ez Gipuzkoan, kasu bat gehiago atzeman baitute, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan jakitera eman duenez.

Joan den igandean 4.728 test diagnostiko egin zituzten; beraz, positibotasun tasa % 3tik behera kokatu da, % 2,6an. 125 positiboetatik 22 Araban detektatu dituzte (larunbatean baino 22 gutxiago), 54 Bizkaian (56 kutsatze gutxiago) eta 47 Gipuzkoan (aurreko egunean baino bat gehiago). Gainera, bi positibo berri izan dira Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean, bat gutxiago.

Ospitaleetan, 16 pertsona ospitaleratu dituzte ostegun honetan, eta guztira 97 dira gela arruntetan dauden gaixoak (aurreko balantzean 101 ziren). Gaur egun, koronabirusa duten 60 pertsona daude ZIUetan, aurreko egunean baino bat gutxiago, baina duela astebete baino 24 gutxiago.

Intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 155 kasukoa da Euskadin 14 egunetan, eta 2020ko abuztutik lortzen ez ziren kopuruetara jaitsi da.

Joerak bere horretan jarraitzen badu, Euskadi aste honetan jaitsiko da 100.000 biztanleko 150 kasuetatik 14 egunetan, eta arrisku ertaineko egoeran sartuko da (50 eta 150 kasu artean), Osasun Ministerioak ezarritako parametroen arabera, eta transmisio ertaineko eremuan, Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri III Planean jasotakoaren arabera.

Arabak joan den ostegunean lortu zuen muga horretatik jaistea, eta orain 139,3ko intzidentzia du; Bizkaikoa 159,5ekoa da, eta Gipuzkoakoa, 151,15ekoa.

Bilakaera positibo hori gorabehera, Azkotiaz gain (egunak daramatza eremu gorrian), igande honetan beste bi udalerri daude zerrenda horretan: Ortuella eta Zalla (409 eta 402 kasu, hurrenez hurren).

Bestalde, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen oinarrizko birsorkuntza-tasa apur bat igo da Euskadin, 0,84tik 0,85era.

48 ikasgela itxita daude astelehen honetan Euskadin, aurreko ostiralean baino hiru gehiago (% 0,34). 38 ikastetxek dute klaseren bat itxita koronabirusaren ondorioz, joan den ostiralean baino sei gehiago.

Bestalde, Radio Vitoriak jakin ahal izan duenez, 19 pertsonak eman dute positibo Gasteizko Albertia egoitzan atzemandako agerraldi batean. Guztira 19 positibo daude (13 egoiliar eta 6 langile), eta egoiliarretako bat ospitalean dago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak