Gizartea -
Koronabirusa
26 kasu atzeman dituzte Nafarroan, uztailaren erdialdetik zenbatutako daturik baxuena
Uztailaren 15era arte egin behar da atzera kopuru txikiagoa topatzeko: 22 kutsatze izan ziren orduko hartan.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Pandemiaren bilakaerak bide onetik jarraitzen du Nafarroan. Foru Gobernuak emandako datuen arabera, igande honetan 26 positibo atzeman dituzte, uztailaren erdialdetik zenbatutako daturik baxuena (22 kutsatze izan ziren orduko hartan).
Atzokoan 854 proba diagnostiko egin zituzten (aurreko egunean baino 592 gutxiago) eta horietatik % 3 positibo izan ziren. Positibotasun tasa apur bat jaitsi da, horrenbestez (% 3,4an zegoen larunbatean).
Bezperan baino 23 kasu gutxiago dira, duela astebete baino 13 gutxiago eta duela 14 egun baino 24 gutxiago.
Horrez gain, 35 pertsona daude ospitalean –bezperan baino hiru gehiago-, eta horietatik 11, zainketa intentsiboetako unitatean. Igandean beste bi lagun eraman zituzten erietxera, eta ez zen heriotzarik izan. Pandemia hasi zenetik 1.190 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz Nafarroan.
Positibo berrien % 81 Iruñerrian antzeman zituzten, eta % 4 Tutera, inguruan. Gainerako kutsatzeak Nafarroako beste zonalde batzuetan eman dira.
Kasuen beherakadak udalerrien datuei ere eragin zien. Burlatan eta Iruñeko Arrosadia auzoan hiruna kutsatze atzeman dituzte, eta Arren, Leitzan, Orkoienen eta Azpillaga, Txantrea eta Iturrama Iruñeko auzoetan, bina positibo.