Gizartea -

Elkarrizketa

Olga Rodriguez: "Indarkeria bikarioa adingabeak erabilita mina eragiteko modua da"

Indarkeria bikarioa "tratu txarrak ematen dituztenek euren emaztearen edo emazte ohiaren gertuko adingabeak edo pertsona ahulak muturreko mina eragiteko erabiltzeko duten modua da".

Olga Rodriguez abokatua
Olga Rodriguez abokatua
Olga Rodriguez abokatua

O.V. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olga Rodriguez abokatu penalistak Radio Euskadiko Boulevard albistegian azaldu du zer den indarkeria bikarioa. Rodriguezek esan duenez "betidanik existitu den genero indarkeria mota bat" da. "Tratu txarrak ematen dituztenek euren emaztearen edo emazte ohiaren gertuko adingabeak edo pertsona ahulak muturreko mina eragiteko erabiltzeko duten modua da". Indarkeria mota "oso krudela" izateaz gain, "biktimaren mina areagotu egin daiteke, desagerrarazten dituzten pertsonen bilaketa denboran nahita luzatuz".

Indarkeria mota hau ongi zigortua ote dagoen galdetuta, abokatuak adierazi duenez "ez dago behar bezain ondo arautua", izan ere, "ezin da alde batera utzi seme-alaben edo gurasoen hilketa", eta, azkenean, zigortzen dena hilketa bera da, genero indarkeria kontuan hartu gabe. "Genero Indarkeriaren Legeak eguneraketa handiagoa behar du", gaineratu du.

Tenerifen desagertutako Olivia eta Anna haurrak "genero indarkeriaren biktima gisa aitortu behar" direla dio Rodriguezek, ez du zalantzarik horretan.

Alarma egoeraren amaierak feminizidioen gorakada ekarri du berekin, izan ere, konfinamendu garaiko familien bizikidetzak "genero indarkeria arazo asko utzi ziren agerian". Aldi horretan "emakume asko ohartu ziren bizitzen ari zirenaz" eta "agerian geratu ziren ere tratu txarren egileen profilak". Ondorioz igo egin ziren "halako kasuetan zer egin" galdetzeko kontsultak, eta noski, baita salaketa kopuruak ere.

"Gero eta gehiago dira salatzera ausartzen direnak, eta orain eragile juridikoek ez ezik, guztiok aritu behar gara elkarlanean, emakume horiek babesteko eta bakarrik ez uzteko", eskatu du abokatuak. "Behin pausoa ematen duenean, biktimak ezin du bakardaderik edo zalantzan jartzerik aurkitu parean", gaineratu du. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Umeak Erailketak