Gizartea -
Homofobia
Manifestazio jendetsua egin dute Basaurin, Ekainen aurkako eraso homofoboa salatzeko
Ekain Perrinok basauriarren babesa eta elkartasuna jaso ditu. Homosexuala izateagatik jipoitu zuen gazte talde batek joan den igandean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Manifestazio jendetsua egin dute arratsalde honetan Basaurin, Ekain Perrinok joan den igandean jasan zuen eraso homofoboa salatzeko eta 23 urteko gazteari babesa eta elkartasuna adierazteko.
Homosexuala izateagatik jipoitu zuen gazte talde batek. Eraso bortitzaren ondorioz konorterik gabe utzi zuten.
Mobilizazioa Ekainen lagunek eta LGTBI mugimenduko kolektiboek antolatu dute. Martxa arratsaldeko 19:00etan abiatu da 'Homofobiarik ez. Erasorik ez, erantzunik gabe' lelopean, eta pankartan, besteak beste, Ekainen ama joan da.
2.000 pertsona inguruk hartu dute parte martxan, tartean izan da Ekain bera ere. Halaber, manifestarien artean Asier Iragorri Basauriko alkatea, udal zinegotziak eta alderdi politikoetako ordezkariak izan dira.
Udaletxeko plazatik Bizkotxalde parkeraino joan dira. Han jipoitu zuten Ekain eta han irakurri dute antolatzaileek manifestazioari amaiera emateko adierazpena.
Ekainek jasandako eraso homofoboa eta, oro har, "mota guztietako eraso diskriminatzaileak" errefusatu dituzte.
Horrez gain, erasoaren balizko lekukoei dei egin diete, anonimotasuna bermatuta, gertatutakoari buruzko informazioa eman dezaten. Ertzaintzak, oraingoz, bederatzi gazte identifikatu ditu erasotzaileak direlakoan.
Bestalde, ohartarazi dute pertsona homosexualen aurkako jarrerak eta erasoak ez direla soilik "fanatikoen eta populisten" aldetik ematen: "Gizartearen eremu guztietan eta egunero ematen dira kolektibo honen aurkako jarrera baztertzaileak".
"Ikusgarritasuna lortuz, hezkuntzaren bidez eta autodefentsarekin soilik salbatuko gara", azpimarratu dute LGTBI mugimenduko taldeek, "erasoen aurrean erantzun" egingo dutela ziurtatuta.
Erasoa ikertzeko eskatu dio Legebiltzarrak Fiskaltzari
Bestalde, gaur goizean, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek salatu dute Basauriko eraso homofoboa, eta Ekain Perrinori babesa helarazi diote.
EAJk, EH Bilduk, PSEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP+Cs koalizioak adostutako adierazpenean erasoa gaitzesten dute eta Fiskaltzari ofizioz ikerketa bat abiarazi dezala eskatzen diote, "biktima babesteko eta erreparatzeko eskura dituen bitarteko guztiak erabilita".
Iñigo Iturrate (EAJ), Ikoitz Arrese (EH Bildu), Ekain Rico (PSE), Isabel Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU) eta Jose Manuel Gil (PP+Cs) legebiltzarkideek aurkeztu dute adierazpena. Ekaini elkartasuna helarazteaz gain, "laguntza guztia" eskaini diote, psikologikoa, juridikoa eta sanitarioa.
Voxek ere gaitzetsi du erasoa, baina ez du adierazpena sinatu. Amaia Martinez parlamentariaren arabera, gainerako taldeek erabaki dute eskuin muturreko alderdia ekimen horretatik kanpo uztea.