Gizartea -

Epaiketa

Irune Costumeroren alaba bahitu izana ukatu du aitak: "Oporretan egon nintzen"

Irune Costumeroren alabaren aitak auzipetuen lekuko gisa deklaratu du epaiketaren bigarren saioan.

Irune Costumero, epaitegian sartu aurretik. Argazkia: EFE
Irune Costumero, epaitegian sartu aurretik.
Gaur deklaratu duten lekukoek Irune Costumeroren bertsioa gezurtatu dute

1:17

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuaren eta departamentu horretako beste hiru funtzionarioren aurkako epaiketaren bigarren saioa egin dute astearte honetan Bilboko epaitegian.

Irune Costumerori bere alabaren zaintza kendu zioten 2017an, "gurasoak eragindako alienazio sindromea" egotzita, epaileari jakinarazi gabe eta zaintza partekatua urratuz.

Epaiketa astelehenean abiatu zen, eta lau auzipetuei prebarikazio administratiboa, tratu txarrak eta lesio psikologikoak eragitea leporatzen diete.

Gaurko saioan, umearen aitak deklaratu du, akusatuen lekuko gisa. Dibortziorako prozedura amak abiatu zuela eta aurrez indarkeria matxistagatik salaketa jarri ziola kontatu du, baina azpimarratu du prozesu judizial hartan absolbitu egin zutela eta alabari emandako tratu txarrengatik jarritako salaketak artxibatu egin zituztela.

Haurrak 18 hilabete zituenean amari ezer esan gabe bi hilabetez eraman zuela-eta, ez zela "bahiketa bat" izan esan du: "Oporretan egon nintzen".

Aldundiko gizarte zerbitzuekin elkarlanean aritzeko prest agertu zela esan du, baina gaineratu du ez duela gogoratzen 2017an alabaren zaintza bere gain hartzeko eskaera egin zuela jakinarazi zien ala ez.  

Halaber, Aldundiko funtzionarioek eta langileek umearekin jarrera "egokia" eta "atsegina" izan zutela adierazi du, eta umea ere ondo portatu zela esan du.

Gaurko saioan, haurraren pediatrak ere deklaratu du. Aitak inori abisurik eman gabe eraman zuenetik, umeak jarrera aldaketa nabarmena izan zuela eta psikiatra baten esku uztea beharrezkoa zela ondorioztatu zuela azaldu du.

Ama-alabak "harreman zoragarria" zutela ziurtatu du, eta ukatu egin du gurasoek eragindako alienazio sindromea existitzen dela.

Barakaldoko Udaleko gizarte-laguntzaileak, berriz, esan du umea arazo psikologikoak sufritzeko arriskuan ikusi zutela, eta premiazkotzat jo zutela aitarekin harremana berreskuratzea. Aita kolaboratzeko prest agertu zela erantsi du.

Alabaina, haurra aitaren esku uztea proposatu zuen funtzionarioetako batek aitortu du erabaki hori ez ziotela jakinarazi zaintza partekatua agindu zuen epaileari, ezta Fiskaltzari ere.

Bestalde, Irune Costumerori alabaren zaintza kendu zioten egunean ez zela istilurik izan kontatu dute bertan egon ziren ertzainek. Ama "pixka bat urduri" jarri zela eta umeak negar egin zuela, baina azkenean "lasai" joan zela adierazi dute.

Irune Costumero: ''Atzo baino indartsuago nago''
Irune Costumero: ''Atzo baino indartsuago nago''
Irune Costumero: ''Atzo baino indartsuago nago''

2:45
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gurasoak Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa