Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid pasaportea eskuragarri dago jada Osakidetzaren webgunean
Oraingoz, sinadura elektronikoaren bitartez baino ezin da eskatu egiaztagiria.
EITB MEDIA
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek gaurtik (ekainak 9) aurrera izapidetu ahalko dituzte covid-19aren aurkako txertoa jarrita dutela edo gaixotasuna igaro dutela egiaztatzen duten ziurtagiriak, biak ala biak oraingoz sinadura digitaleko prozesu baten bidez.
Uztailaren 1etik aurrera Europar Batasunean barrena bidaiatzeko aukera ematen duen pasaportea izapidetzeko aukera 09:00etan aktibatu du Osakidetzaren webguneak.
Oraingoz sinadura digitalaren bidez bakarrik egin ahal da izapide hori, baina Osakidetza prozedura "irisgarriagoak" eskaintzeko lanean ari da, atzo Sagardui sailburuak iragarri zuenez.
Txertaketaren pauta osoa egin duten pertsonek edota gaixotasuna pasatu dutenek eskuratu ahalko dute.
Espainiako mugak turistei irekitzearekin bat, hainbat autonomia erkidegok, Extremadurak, Andaluziak, Nafarroak, Valentziak eta Aragoik, besteak beste, astelehenean jarri dute martxan ziurtagiri hori, proiektu pilotu baten barruan.
Txertaketa oporretako helmugetan
Txertoaren bigarren dosia opor lekuan jartzeko aukeraren inguruan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak argi utzi zuen EAEko estrategiak "pauta osoa bakoitzari dagokion erkidegoan" jasotzea aurreikusten duela. Atzoko gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan egin zituen adierazpenok.
Ildo horretan, txertoari lehentasuna eman behar zaiola esan zuen, eta Pfizer, AstraZeneca edo Modernaren bigarren dosia noiz emango zaien kalkula dezaketela.
Data hori oporrekin bat etorri, eta oporrei lehentasuna eman nahi dietenek hitzordua baliogabetu beharko dute, eta beste hitzordu baten zain geratu beharko dute.
"Guztiok oporretan pentsatzen dugu, baina ez dezagun ahaztu pandemia egoeran jarraitzen dugula eta gure ingurua defendatzeko tresnarik onena txertoa jartzea dela", azpimarratu zuen.
Euskadin milioi bat dosi baino gehiago jarri dira (1.003.740) eta biztanleen % 34k dute pauta osoa. "Iristen den guztia inokulatzen dugu", esan zuen sailburuak, eta aste honetan Euskadira Pfizerren 112.320 txerto (aurreikusitakoa baino % 12 gutxiago), Janssenen 6.700 dosi eta Modernaren 14.400 iritsiko direla iragarri zuen.
Txertoek pandemiaren bilakaeraren "datu itxaropentsuak" eragiten dituztela azpimarratu zuen, baina zuhurtzia eskatu zuen, EAEko osasun sistemak "tentsioan" jarraitzen duelako eta pandemia oraindik indarrean dagoelako.
Astelehenean hasi ziren 49 urteko pertsonak immunizatzen, eta 49 eta 40 urte artekoak txertatzen jarraituko dute datozen egunetan.
60 urte baino gutxiago dituzten eta AstraZenecaren lehen dosia jaso duten oinarrizko kolektiboetako pertsonei dagokienez, sailburuak jakinarazi zuen horien % 70 Pfizerren txertoa onartzen ari direla prozesua amaitzeko.
BIDEOA: EAEk ez du aurreikusten oporretan datozenak hemen txertatzea