Gizartea -

ASIER NIEBLAREN AUZIA

Nieblaren kasuan, genero astungarria baztertu, eta zigorra murriztu dute

Urnietako Udalak legea aldatzeko proposamena babestu zuen, Niebla eta gisa horretako erasoak jasan dituzten gainerako gizonak indarkeria matxistaren biktimatzat jo ahal izateko.

Nieblaren kasuan, genero astungarria baztertu, eta zigorra murriztu dute. Artxiboko irudia: EFE
Nieblaren kasuan, genero astungarria baztertu, eta zigorra murriztu dute
Nieblaren kasuan, genero astungarria baztertu, eta zigorra murriztu dute. Artxiboko irudia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak genero astungarria baztertu du Asier Nieblaren kasuan, eta 11 urte eta erdira jaitsi du Urnietako gaztearen hiltzaileari Gipuzkoako Auzitegiak ezarritako ia 13 urteko zigorra.

Asier Niebla 2018an hil zen Donostian, emakume batekin hitz egiten ari zela, haren bikotekide ohiak kolpatu ostean. Iragan azaroan, Urnietako Udalak legea aldatzeko proposamena sinatu ostean, kasua iritzi publikoaren erdigunean kokatu zen. Lege proposamen horren helburua, Niebla, eta gisa horretako erasoak jasan dituzte gainerako gizonak, emakumeak bezala, indarkeria matxistaren biktimatzat hartzea zen.

Talde feministek, baina, "onartezintzat" jo zuten ekimena, eta "kontzeptuak eta herritarrak nahastuz gezurrezko eztabaida bat sortu izana" leporatu zioten Udalari.

Hala ere, joan den abenduan Gipuzkoako Auzitegian auzia epaitu zuen epaimahaiak onartu egin zuen genero astungarria, akusazio partikularrek eskatzen zuten bezala; izan ere, akusazio partikularraren baitan hildakoaren familiako kideak zeuden, Urnietako Udalaren ordezkari gisa.

Akusatuaren defentsak Gipuzkoaren Auzitegiaren ebazpenaren aurka helegitea aurkeztu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Epai batean, orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baztertu egin du genero astungarria; izan ere, hura aplikatzeko, beharrezkoa da egiaztatzea erasotzaileak "emakume" baten aurka egin zuela erasoa, "biktima izate hutsagatik" eta "haren aurrean duen nagusitasun-sentimendua agerian uzteko asmoz". Eta kasu honetan halakorik ez zela izan ebatzi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Epaiketak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Urnieta albisteak Gaurko azken ordukoa