Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroak martxan jarri du Covid Ziurtagiria, EBn mugikortasuna errazteko
Dokumentuak egiaztatuko du jabeak baimendutako txertoren bat jaso duen, gaixotasuna gainditu duen edo negatibo eman duen probaren batean.
agentziak | eitb media
Nafarroako herritarrek Covid Ziurtagiri Digitala eskura dezakete jada, hau da, Europar Batasunean mugitzea erraztuko duen dokumentua. Bertan egongo da jasota jabeak baimendutako txertoren bat jaso duen, gaixotasuna gainditu duen edo negatibo eman duen probaren bat egin duen.
Nafarroa da, horrela, aukera hori eskainiko duen Espainiako Estatuko lehenengo erkidegoetako bat. Foru Gobernuak jakinarazi duenez, Covid Ziurtagiri Digitalak, Espainiako Osasun Ministerioarekin eta Europar Batasunarekin elkarlanean egin dutenak, QR kode bat izango du ziurtagiriaren benetakotasuna eta balioa modu seguruan egiaztatuko duena, faltsifikazioak galarazte aldera.
Kodeaz gain, informazioa irakurri egin ahal izango da hizkuntza ofizialetan, euskaraz eta gaztelaniaz, eta baita ingelesez ere.
Foru Erkidegoaren kasuan, koronabirusarekin gaixorik daudenek ziurtagiria ezin eskuratu izatea bermatuko dute.
Uztailaren 1erako EBko estatu guztietan ziurtagiria indarrean egotea espero dute, baina litekeena da horren aurretik estatuek sistema martxan jartzea pixkanaka.