Gizartea -
Koronabirusa
Txertaketa eta oporrak: Osasun Sailak "antolatu eta txertoa lehenesteko" eskatu du
Horren arabera, "posible da gauzak planifikatzea badakigulako txertaketa egutegia zertan den". Dena dela, ohartarazpena egin du: "hitzordua baztertzen duenak itxaron beharko du".
E. G. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren ahotik, udako oporren atarian gauden honetan, covid-19aren aurkako txertoa "lehenesteko" eskatu die herritarrei, "gauzak aldez aurretik planifikatu" daitezkeela iritzita.
Sagarduik Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean aitortu duenez, txertaketa guneetan zalantzak eta galderak izan dira txertoa eta oporrak nola uztartu daitezkeenaren inguruan. Horren ildoan, argi eta garbi mintzatu da hitzordua oporretan egoteagatik errefusatzen duten horien inguruan: "Gure irizpidea adina da, eta beraz, hitzordua errefusatu eta oporretatik bueltatzen txertatu nahi duen horrek itxaron beharko luke baldin eta txertaketa beste adin tartean balego. Ondoren, txertoak egon ahala, izango luke beste aukera bat. Baina ez da izango modu arin batean, 'etorri eta niri dagokit'. Beste adin tarte horrek izango du lehentasuna".
Osasun sailburuaren esanetan, "euskal gizarteak kontuan hartu behar du zelako aukera paregabea dugun txertatzeko aukera izanda, txertoak eskura izanda. Nik argi daukat, pandemiaren kontrako borroka lehenetsi behar dugu".
Lehentasun hori oporrekin nola uztartu daitekeen galdetuta, Sagarduik uste du "gauzak planifikatu" daitezkeela, "guztiok baitakigu gutxi gorabehera zein den gure txertaketa egutegia". Erantsi duenez, "guk erraztasunak emango ditugu, baina txertoari lehentasuna emango diogu beti".
Azkenik, Sagarduik ia erabat baztertu du txertoa beste erkidego batean jasotzeko aukera: "Guk ez dugu aukera horren berri, eta logistikoki zaila litzateke".