Gizartea -

KORONABIRUSA

Txertatutako bidaiariek Hego Euskal Herrira etortzeko aukera dute gaurtik aurrera

Aldaketa berriari esker, Osasun Ministerioak horretarako onartutako txertaketa-ziurtagiria duten pertsonak sar daitezke EAEn eta Nafarroan, osasun-agintariek egiaztatu ondoren.

Bi turista Bilbon argazkia ateratzen. EFEko artxiboko irudia
Txertatutako bidaiariak Hego Euskal Herrira etortzeko aukera dute gaurtik aurrera
Gutxinaka bada ere, atzerritar gehiago ari dira heltzen Loiuko Aireportura

1:18

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hirugarren herrialdeetatik Europar Batasunera eta Schengenen eremuko kide diren herrialdeetara covid-19aren aurkako txertoa jarrita dutela egiaztatzen duten turistak Hego Euskal Herrira etor daitezke gaurtik aurrera. Hala ere, Indiatik, Brasildik eta Hegoafrikatik datozen bidaiariei murrizketak ezartzen jarraituko dute.

Sendagaien Europako Agentziak baimendutako Pfizer, Moderna, AstraZeneca eta Janssen txertoen edo Sinopharm eta Sinovac-Coronavac txerto txinatarren pauta osoarekin immunizatuta daudenek izango dute Espainiako Estatuan sartzeko aukera.

Osasun eta mugen kontrolez arduraten diren Osasun Ministerioaren eta Barne Ministerioaren aginduaren arabera, Espainiako Estatuan sartzeko, bidaiariek 14 egun lehenago pauta osoa jaso izana egiaztatu beharko dute.

Larunbatean argitaratu zen agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta, bertan, Lurraldearteko Kontseiluan adostutako ostalaritzarako eta gaueko aisiarako murrizketa berriak ere jasotzen dira.

Gaur sartu da indarrean agindu berria, eta, ondorioz, uztailaren 17ko INT/657/2020 Agindua aldatzen du. Agindu horrek, aldi berean, hirugarren herrialdeetatik Europar Batasunera eta Schengen eremuko herrialdeetara osasun-krisia dela-eta ezinbestekoak ez diren bidaien aldi baterako murrizketa aplikatzeko irizpideak aldatzen ditu.

BOEn txertaketarekin lotutako irizpide berri bat sartzea gomendatzen da: aldaketa berriari esker, Osasun Ministerioak horretarako onartutako txertaketa-ziurtagiria duten pertsonak Espainiako Estatuan sar daitezke, osasun-agintariek egiaztatu ondoren.

Maiatzaren 24tik, bestalde, Europar Batasunekoak ez diren baina segurutzat jotzen diren herrialdeetatik datozen bidaiariak inolako osasun-kontrolik gabe sar daitezke Espainiako Estatuan, eta, hortaz, baita Hego Euskal Herrian ere.

India, Brasil eta Hegoafrika

Hamar eguneko nahitaezko berrogeialdia soilik Indiatik datozenek egin behar dute, baina Brasildik edo Hegoafrikatik egindako bidaiak ere mugatuta daude, eta, oro har, nahiz eta txertoa jarrita izan, baztertu egiten dute herrialde horietatik datozen bidaiariak Espainian sartzea.

Maiatzaren amaieran, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri zuen ekainaren 7tik aurrera, hau da, gaurtik aurrera, Munduko Osasun Erakundeak edo Sendagaien Europako Agentziak onartutako txerto baten pauta osoa jaso dutela egiaztatzen duten herrialde guztietako bidaiariei sartzen utziko diela Espainiak.

Espainiako Estatuan sartzeko proba diagnostikoak areago egingo ditu Osasun Sailak

Espainiako Estatuan sartzeko osasun kontroletan onartuko dituzten proba diagnostikoak gaurtik aurrera gehiago izango diela iragarri du Osasun Ministerioak, turisten iritsiera arintzeko asmoz.

Carolina Dariasek zuzentzen duen departamentuak azaldu duenez, Estatuko Aldizkari Ofizialak beste ebazpen bat argitaratuko du larunbat honetan, kontrol horiek datorren astetik aurrera eguneratzen dituena. Kontrol horietan, txertaketa- edo berreskuratze-ziurtagiriarekin sartu ahal izango da Espainiako Estatuan, onartuko diren proba diagnostikoak gehiago izango dira, eta PCRei antigenoen probak gehituko zaizkie.

Carolina Darias Osasun ministroak sare sozialetan zabaldutako mezu batean azpimarratu duenez, "Espainia helmuga segurua da". "Laster gure lidergo turistikoa berreskuratzeko moduan egongo gara"; hori "txertaketa datu bikainek" bermatuko dute, eta "normaltasunera itzultzetik gero eta gertuago jartzen gaituzte", esan du Twitterren.

Testuinguru horretan, Espainiara sartu nahi duten pertsonek, orain arte bezala, Spain Travel Health (SpTH) aplikazioaren bidez osasun-kontrolerako inprimakia bete beharko dutela adierazi du Ministerioak. Gainera, arrisku-herrialde edo -eremu batetik datozenek arestian aipatutako ziurtagiri edo probetako baten agiria erakutsi beharko dute.

Gainera, EBko Covid Ziurtagiri Digitala indarrean sartzen denean, dokumentu hori dutenek ere kontrol azkar horretarako sarbidea izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak azken ordukoa Koronabirusaren Eris aldaera gaur Covid pasaportea Euskadin