Gizartea -
KORONABIRUSA
Positiboak 50etik behera kokatu dira berriro Nafarroan
Zehazki, 40 kutsatze izan dira azken orduetan. Kasuen beherakadan halako apaltze bat sumatu daiteke, aurreko asteetako kopuruen antzekoak zenbatu baitituzte.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Nafarroak 39 koronabirus kasu atzeman ditu azken orduetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Zehazki, atzokoan 853 proba diagnostiko egin zituzten (azken hiru hilabeteetako test kopuru txikiena), eta horietatik % 4,6 positibo izan ziren (positibotasun tasak gora egin du, horrenbestez).
Hortaz, azken hilabetean atzemandako beherakadan apaltze bat sumatu daiteke. Kutsatze berriei dagokienez, Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 53 erregistratu zituzten, Tuteran % 5 eta Lizarran % 3. Gainerako positiboak (% 39) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Kasu gehien zenbatu dituzten udalerri eta guneei dagokienez, Iruñeko Mendillorri auzoa eta Tafalla daude zerrendaren buru, hiruna kutsatzerekin. Horrez gain, Buztintxurin (hau ere Iruñean), Uharten, Leitzan, Azkoienen, Tuteran eta Mutiloan bina positibo atzeman dituzte.
Bestalde, ospitale-okupazioari dagokionez, 40 paziente zeuden atzo Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko eguneko kopuru bera. Atzo beste ospitaleratze bat izan zen gaixotasun horrengatik eta ez zen heriotzarik izan. Nafarroan 1.190 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz.
Adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, 30 eta 44 urte artekoak (% 30) eta 45 eta 59 urte artekoak (% 28) dira gehienak. Ondoren, 15 urtetik beherakoak (% 23) eta 15 eta 29 urte artekoak (% 15) daude. Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea dago, kutsatu berrien % 4rekin, eta 75 urtetik gorakoen artean ez da kasurik erregistratu.
Positibo berrien batez besteko adina 34 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak. Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 62.460 izan da Nafarroan.
Bestalde, intzidentzia metatua Euskadin 200 kasutik jaitsi da lehen aldiz abuztutik