Gizartea -
KORONABIRUSA
Osasun murrizketak derrigor bete behar direla dio gaur argitaratutako BOEak
Eusko Jaurlaritzak jada erantzun du eskumena berea dela eta EAEn aplikatuko diren neurriak astelehenean LABIn onartu zirenak direla. Nafarroako Gobernuak bai, neurri horiek aplikatuko ditu.
EITB MEDIA
Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) larunbat honetan argitaratu du covid-19ren aurkako jarduera Estatu osoan modu koordinatuan bideratzeko, Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Kontseiluaren erabakia.
Akordio hori joan den asteazkenean onartu zuen Lurralde Arteko Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoko, Madrilgo, Kataluniako, Galiziako, Andaluziako eta Murtziako gobernuen aurkako botoekin. Hala ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu den aginduak murrizketak nahitaez bete beharrekoak direla jasotzen du, Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak atzo bertan aurreratu zuenez: "Ekintzak koordinatzeko adierazpen hau erkidego guztiek bete beharko dute, bozketan eman zuten botoa zein izan zen kontuan hartu gabe".
Gaur argitaratu den aginduaren arabera, Nafarroako Foru Erkidegoak, 1. alerta mailan dagoenez, gaueko aisialdia ireki ahalko luke Nafarroako Gobernuak hala nahi izanez gero; EAE, berriz, 3. mailan dago, eta behartuta egongo litzateke taberna eta jatetxeen barrualdeak ixtera.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Espainiako Estatuko intzidentzia tasa altuenetakoa duen heinean, establezimenduen barrualdea ixteaz gain, terrazen edukiera % 100etik % 75era jaitsi beharko luke, gaueko aisialdiak itxita jarraituko luke, eta tabernen ordutegia 00:00etatik 01:00era luzatuko litzateke.
Dena dela, BOEa argitaratu bezain pronto, Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute "neurri horiek hartzeko eskumena" eurena dela ulertzen dutela eta, beraz, "EAEn hurrengo 20 egunetan indarrean egongo diren neurriak aurreko astelehenean LABIk onartutakoak" izango direla.
PSE-EEk, ordea, oharra kaleratu du BOEk argitaratzen duen ebazpenak "testuinguruan kokatzeko klausula" bat jasotzen duela adieraziz, eta horri esker "autonomia erkidegoetan dauden berezitasunei kasu egin ahal zaiela, erkidegoei lotutako hainbat konturi dagokienez", EAEko neurri propioei eustea posiblea izan daitekeela iradokiz.
Hala ere, Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, Madrilgo Gobernuko iturriak aipatuz, hori ez litzatekeela horrela izango.
BOEk dioena gaueko aisialdiari buruz
Gaur argitaratu den testuaren arabera, larunbat honetatik aurrera, gaueko aisialdia 02:00ak arte (edo 03:00ak arte zenbait kasutan) ireki ahal izango da, arrisku-mailatik kanpo dauden erkidegoetan edo 1. alerta-mailan, gaur egun Nafarroa dagoen mailan. Lokal horietan, barruan zein kanpoan, edariak eta elikagaiak eserita kontsumituko dira, mahai desberdinetako aulkien artean gutxienez 1,5 metroko tartea utzita.
Lokalek %50eko gehienezko edukiera izango dute eta terrazak % 100ean egon ahal izango dira irekita, aurrez aipatutako distantzia errespetatuz gero. Mahaietan 6 pertsona eseri ahal izango dira, gehienez, barrualdean eta 10 kanpoan.
Lurraldea 2. alerta-mailara iristen bada, erkidegoak gaueko aisialdirako lokalak irekitzeko baimena eman ahal izango du, Osasuneko semaforoan proposatzen diren murrizketekin, edukiera heren batera txikituta, alegia, egoki ikusten badu.
Ostalaritza eta terrazak
Ostalaritzari dagokionez, lurraldea arrisku-mailetatik kanpo badago, edukieraren erdia (% 50) onartuko da taberna eta jatetxeen barnealdean, eta % 10 handitu ahal izango da aireztapen-maila handia eta airearen kalitatearen kontrola bermatzen duten neurriak aplikatzen badira.
Aire zabaleko terrazetan, mahai guztiak okupatu ahal izango dira, 1,5 metroko tartea utzita, eta gehienez 6 pertsonak okupatuko dituzte barruan eta 10ek kanpoan. Barran zerbitzatu eta kontsumitu daiteke 1,5 metroko tartea utziz gero bezeroen artean.
Gehienez ere 1:00a arte egongo dira irekita eta 24:00etan zerbitzatzeari utziko diote.
1etik 4rako arrisku mailaren arabera, murrizketak handitzen joango dira eta 3. mailan, adibidez, EAE dagoen horretan, ezingo dira ostalaritzaren barrualdeak ireki.
Ekitaldi jendetsuak
Ekitaldi jendetsuei dagokienez, "COVID-19aren zabalkundea kontrolatzeko Erantzun Koordinaturako Ekintzen" dokumentuan jasotzen diren proposamenak bete behar direla dio BOEak, besteak bestea: maskararen derrigorrezko erabilera, eta jateko, edateko eta erretzeko debekua.
Horrelako ekitaldiren bat antolatu nahi dutenek, dagokion udalarekin koordinatuta, arriskuen balorazioa egin beharko dute eta ebaluazio horren araberako neurriak hartu.
Bestalde, bide publikoan edo aire zabaleko espazioetan erretzea debekatuta geratzen da pertsonen arteko distantzia 2 metrokoa ez denean, baita ekitaldi jendetsuetan ere.
Indarraldia
Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) jasotako proposamen guztiak indarrean daude dagoeneko, eta horrela jarraituko dute Espainiako Gobernuko Osasun ministroak "indarraldia amaitzea onartu arte, Lurraldearteko Kontseiluak hala erabakitzen duenean", dokumentuan jasotzen denez.
Eusko Jaurlaritzarekin dauden desadostasunak ikusita, baina, ikusi egin beharko da bi gobernuek zer pauso ematen dituzten, eta gaia nola ebazten den hurrengo egunetan: BOE aplikatzen den edo LABIk EAErako ebatzitakoa aplikatzen den.