Gizartea -
GENERO INDARKERIA
Neska bati sexu-erasoa egin izana salatu dute Tolosan
Erasoa larunbat gauean izan zen, antza denez, Usabal kiroldegitik gertu dagoen skate parkean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Larunbatean Tolosan sexu-erasoa jasan zuela salatu du neska batek, Gipuzkoako udalerri horretako Udalak asteazken honetan jakitera emandakoaren arabera.
Tolosako Udalak ohar baten jakinarazi duenez, "gertatutakoa kontrastatu eta egiaztatu ondoren", abian jarri du erakundeen arteko jarduerarako eta koordinaziorako I. Udal Protokoloa, genero indarkeria eta sexu-erasoak jasan dituzten emakumeei arreta hobea emateko.
Erasoa larunbat gauean izan zen, Usabal kiroldegitik gertu dagoen skate parke ezagunean. Bertan, sexu-erasoa jasan zuen gazteak, Ertzaintzaren aurrean aurkeztutako salaketaren arabera.
Udalaren esanetan, gertatutakoari erantzuna eta jarraipena emateko, biktimaren esku jarriko ditu "behar dituen baliabide guztiak eta behar duen laguntza psikologikoa eta juridikoa", bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz.
Biktimari eta haren gertukoei babesa eman die Udalak, eta herriko mugimendu feministarekin eta eragile sozialekin elkarlanean, indarkeria matxista desagerrarazteko "borrokan jarraitzeko konpromisoa" berretsi du, "indarkeria matxistarik gabeko herri baterantz aurrera egiteko".
"Erakundeen ardura da herritarren giza eskubideak bermatzea, baina herritar bakoitzaren jarrera aktiboa ere erabakigarria da eraso bat saihesteko", adierazi du Udalak; izan ere, emakumeen askatasun sexuala eta osotasun fisikoa urratu ezin diren eskubideak dira.