Gizartea -

DESAGERTUTAKO PERTSONAK

Hipotermia zantzuekin aurkitu dute Arguedasen falta zen 50 urteko gizona

Nafarroako Ospitale Gunera eraman dute medikuek azterketa egin diezaioten. Astearte goizean irten zen etxetik, eta eguerdian itzuli ez zela ikusita, haren desagerpena salatu zuen emazteak.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Onik aurkitu dute atzotik Arguedasen falta zen 50 urteko gizona. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, lurrean etzanda eta hipotermiak jota topatu dute bidegurutze batean, azkeneko aldiz ikusi zuten El Yugoko errepikagailutik bi kilometro eskasera.

Ez zegoen zaurituta, eta suhiltzaileek bertan artatu ondotik, Nafarroako Ospitale Gunera eraman dute medikuek azterketa egin diezaioten.

Bilaketa taldeko kideak behin baino gehiagotan igaro omen dira gizona agertu den tokitik, eta, hori dela eta, oinez iritsi dela uste dute.

Oso ondo ezagutzen du ingurua, baina hotzetik eta euritik babesteko arropa egokirik gabe irten zen.

Nafarroako Foruzaingoak galdeketa egingo diote medikuek horretarako baimena ematen dutenean.

Gizona astelehen goizeko 07:00etan irten zen etxetik, baratzeko lanak egitera. Hamarretakoa egitera eta bazkaltzera itzuli ez zela ikusita, baina, haren emazteak desagerpena salatu zuen.

Bilaketa lanetan parte hartzen ari zen helikoptero batek El Yugo inguruan aurkitu zuen autoa. Gerora autoan eta inguruan egindako miaketan, ostera, ez zuten haren arrastorik topatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak gaur