Gizartea -
KORONABIRUSA
40-49 urtekoei ere Janssenen txertoa jartzea aztertuko du gaur Osasun Publikoak
Momentuz, txerto honek ez du adin-mugarik Espainiako Estatuan, baina 50 urtetik gorakoei edo zaurgarriak diren kolektiboei soilik ari dira ematen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Osasun Publikorako Batzordeak gaur arratsaldean aztertuko du Janssenen dosi bakarreko txertoaren erabilera 40 eta 49 urte bitartekoen artean zabalduko duen, hainbat erkidegok hala eskatuta. Oraingoz, ez du adin-mugarik Espainiako Estatuan txerto honek, baina 50 urtetik gorakoei edo zaurgarriak diren kolektiboei soilik ari dira ematen.
Osasun Ministerioko teknikariak eta erkidegoen ordezkariak astearte honetan bilduko dira hainbat gai aztertzeko; besteak beste, hemendik aurrera ekitaldi jendetsuetan aplikatuko diren gomendioak, edota haurren eta gazteen aire-libreko jardueretarako prebentzio eta higiene neurriak.
Hainbat erkidegok eskatuta, gainera, Janssenen txertoa herritar gazteagoei, hau da, 40 eta 49 urte artekoei, ematen hasiko ote diren eztabaidatuko dute.
Maiatzaren 11n, Osasun Publikorako Batzordeak Janssenen txertoaren erabilera 50 eta 59 urte arteko pertsonei zabaltzea adostu zuen, eta txerto hori kolektibo zaurgarrietako pertsonei, hala nola desgaitasunen bat dutenei, autistei edo buruko gaitzak dituztenei ere jartzea onartu zuten.
Txerto honek dosi bakarra behar du, eta Pfizerren eta Modernaren txertoekin batera erabiltzen ari da hainbat kolektiboren eta 50 urtetik gorakoen txertaketa osatzeko. Gaur arratsaldean, 40 eta 49 urte artekoei ematea ere aztertuko dute.
Ez da gomendagarria tronboak izan dituzten pertsonentzat
AstraZenecarenak ez bezala, Janssenen txertoak ez du, oraingoz, adin-mugarik, baina, txertaketa-estrategiaren arabera, txerto hau ere ez da gomendagarria heparina antikoagulatzaileak eragindako tronbozitopenia-aurrekariak (plaketen maila baxua) dituzten pertsonentzat.
AstraZenecaren bektore adenobiralen teknologia berean oinarrituta, monodosiarekin detektatutako tronbo kasu hauen kopuruak ez dira AstraZenecaren txertoarekin bezain ohikoak: Europan, 1,34 milioi txerto jarri dira eta bakarra baieztatu da. Belgikan gertatu zen, eta txerto hori 41 urtez azpikoei ez jartzea erabaki zuen.
Halaber, zazpi herrialdek Janssenen txertoa erabiltzeari utzi diote, edo hasi ere ez dira egin txerto horrekin txertatzen. Beste seik adin-muga ezarritu dute, eta, 13tan, tartean Espainiako Estatuan, mugarik gabe ari dira erabiltzen.
Maskararen erabilera
Baliteke, gainera, arratsaldeko eztabaidan, toki irekietan maskararen erabilera murrizteko aukeraz ere hitz egitea. Ministerioak eta erkidegoek asteak daramatzate gai honen inguruan lanean, eta erkidego batzuek toki irekietan maskara guztiz kentzeko eskatu dute jada.
Atzo bertan Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak esan zuenez, "oso litekeena da egun gutxian musukoaren erabilera arintzea". Iñigo Urkullu ehendakaria ez dator bat asmo horrekin; izan ere, lehendakariaren ustez, musukoa beharrezkoa izango da "oraindik denbora luzez".