Gizartea -
NAFARROA
Giza hezurrak aurkitu dituzte Iruñeko antzinako ur etxola batean
Nafarroako Medikuntza Institutura eraman dituzte hezurrak, hildakoa nor den eta heriotza noiz eta nola gertatu zen argitzen saiatzeko.
O. A. | EITB MEDIA
Atzo arratsaldean giza hezurrak aurkitu zituzten Iruñean, abandonatutako ur etxola zahar batean, Nafarroako Foruzaingoak eitb.eus-i baieztatu dionez. Iruñeko suhiltzaileek topatu zituzten gorpuzkiak, Beloso inguruan piztutako sua itzaltzera joan zirenean. Aipaturiko etxola Amaya Kirol Hiritik eta Foruzaingoaren komisaldegitik gertu dago.
Foruzaingoak jakitera eman duenez, arrasto zaharrak dira eta, itxuraz, denbora luzez egon dira bertan.
Hezurrak Nafarroako Medikuntza Institutura eraman dituzte. DNA probak egingo dituzte, hildakoa identifikatzen saiatzeko. Antza denez, etxerik gabeko pertsonek erabili ohi zuten.
Bestalde, Foruzaingoak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.