Gizartea -
Espezieen berreskuratzea
Bi arrano arrantzale jaio dira Urdaibain, azken hamarkadetako lehenak
Urdaibai Bird Centerren berreskuratze programan hazitako bi arranoren kumeak dira jaio berriak.
EITB Media | Agentziak
Bi arrano arrantzalek oskola hautsi dute gaur Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, azken hamarkadetan Kantauriko kostetan sortu diren lehenak.
Urdaibai Bird Centerren jaio dira, Gautegiz Arteagan, espezie honen errekuperaziorako sortutako proiektuaren baitan. Zentrotik jakinarazi dutenez, datozen egunetan hirugarren kume bat jaiotzea espero dute.
Txitak Landaren, hiru urteko eme frantziarrarenak, eta Royren, Eskoziatik ekarritako harraren, kumeak dira. Azken hau erreserban hazi zuten duela zazpi urte eta urtero bueltatu da Bizkaira, Afrikatik, bere migrazio zikloan.
Bi arranoen jaiotza zuzenean jarraitu ahal izan da, Urdaibai Bird Centerren webgunean eta Youtuben, zentroan bertan instalatuta dituzten kameren bitartez.
Erreserbako teknikoek jakinarazi dutenez, datorren hilabetean jarriko dizkiete eraztunak txoriei, bakoitzarentzat izen bat aukeratuta, haien migrazio bidea jarraitu ahal izateko.