Gizartea -

EUSKARA

Euskararen murgiltze ereduaren alde, milaka pertsona Baionako kaleetan

Manifestazio jendetsua Lauga kiroldegiaren aitzinetik abiatu da, eta Roland Barthes plazara 18:00ak aldera heldu da. 10 000 pertsona baino gehiago bildu dira Baionan, azken zenbaketaren arabera.

Manifestazio jendetsua Baionan (Lapurdi). Argazkia: Aitor Sagarzazu | Euskadi Irratia
Manifestazio jendetsua Baionan (Lapurdi).
10.000 ahotsek euskararen murgiltzearen alde egin dute Baionan

1:25

Eriz Lotina | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskarak murgiltzea behar du!" lelopean, milaka pertsonak manifestazioa egin dute Baionan, Euskal Konfederazioa osatzen duten euskalgintzako eragileek eta Ipar Euskal Herriko hautetsiek deituta. 10 000 pertsona baino gehiago bildu dira Baionan, azken zenbaketaren arabera.

Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituak babesteko eta promozionatzeko legea partzialki atzera bota ondotik etorri da deialdia, eta babes zabala jaso du. 16:00etan abiatu da Lauga kiroldegiaren aitzinetik, eta Roland Barthes plazara 18:00ak aldera iritsi da.

Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua garatzen duten eskoletako ordezkariak joan dira manifestazioaren buruan, eta atzetik, euskalgintzako gainerako ordezkariak eta hautetsiak. Azken horiek "Euskal irakaskuntza denontzat" goiburua zuen pankarta eraman dute.

Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren kontrako oihuak izan dira manifestazioan: "Blanquer kanpora, euskara gelara".

"Kolpea izugarria da. Gure hizkuntzak heriotza segurura kondenatu nahi dituzte", esan du Marie Andree Ouret Biga Baiko bozeramaileak, manifestazioa amaitzeko ekitaldian.

"Europako aniztasuna jokoan dago", adierazi du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak protesta abiatu baino lehen. "Irtenbide bat eskatzen dugu, eta lortu behar dugu", erantsi du buruzagi jeltzaleak.

Amonarriz: "Hau tokian tokiko hizkuntzen aurkako gerra deklarazio bat da"
Amonarriz: "Hau tokian tokiko hizkuntzen aurkako gerra deklarazio bat da"
Amonarriz: "Hau tokian tokiko hizkuntzen aurkako gerra deklarazio bat da"

1:7

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariaren adierazpena.

Bestalde, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, "bidegabekeria tamainakoa da". "Aukera bakarra Konstituzioari buelta ematea da, hizkuntza eskubideak bermatzeko", azpimarratu du.

Kultura, politika eta gizarte alorretako 200 eragilek baino gehiagok sinatu dute gaurko deialdiaren manifestua. Bertan jasotzen denez, "Ipar Euskal Herrian familia bakoitzak bere haurrendako irakaskuntza eredua hautatu beharko luke eta aniztasun linguistiko eta kulturala bizi, euskaraz edo okzitaniera gaskoiz". Murgiltze eredua bermatuz, "gizarte proiektu partekatua, irekia eta sosegatua zaintzen eta sustatzen" dela dio testuak.

Deitzaileen iritzian, "Molac Legearen zentsura partzial horrek euskararen alde hamarnaka urtez eraman den engaiamenduaren erabateko ezeztapena eragiten du, eta Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduan diren 5.000 ikasleen familien hautua argiki mespretxatzeaz gain, gure lurraldearekiko eta bere mintzairekiko mespretxua adierazten du ere". 

Baionan bakarrik ez, Frantziako Estatuko hainbat eskualdetan egin dira protestak hizkuntza gutxituen alde. 50 mobilizaziotik gora deitu ditu Pour que vivent nos langues kolektiboak.

Horrela, antolatzaileen arabera, Guingampen (Bretainia) 10 000 pertsona inguruk hartu dute parte; Poliziaren ustez, aldiz, 6000 bat pertsonak.

Perpinyàn (Katalunia) 2000 manifestari inguru bildu dira, antolatzaileen arabera. Prefetak, ostera, 450 bat pertsona zenbatu ditu, tartean, Laura Borras Kataluniako Parlamentuaren presidentea.

Colmarren (Alsazia) eta Bastian (Korsika) 200 bat manifestarik protesta egin dute.

Manifestazioa Baionan (Lapurdi). Argazkia: Aitor Sagarzazu | Euskadi Irratia

Manifestazioa Baionan (Lapurdi). Argazkia: Aitor Sagarzazu | Euskadi Irratia

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Hizkuntza gutxituen aldeko legearen gakoak

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Iparraldea bideoak Zer gertatu da Parisen? Frantzia berriak Baionako argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Azken kultur albisteak Albisteak Hezkuntza Manifestazioak gaur Emmanuel Macron Zuberoa Lapurdiko azken ordua Nafarroa Behereko azken ordukoa Macronen Gobernua Kontseilua