Gizartea -
FAKE NEWS
Txertaketa egutegiarekin mezu faltsua zabaltzen ari dela ohartarazi du Osakidetzak
Azken orduetan gezurrezko mezu bat zabaltzen ari da sare sozialetan. Bertan, adin tarte ezberdinentzako txertaketa egutegi bat agertzen da eta SMSa jasotzera itxarotea ez dela beharrezkoa esaten da.
EITB MEDIA
Osakidetzak herritarrak ohartarazi nahi ditu azken orduetan sare sozialetan gezurrezko mezu bat zabaltzen ari dela ikusita. Mezu horretan, adin tarte bakoitzarentzako txertaketa egutegi bat agertzen da EAErako eta SMSa jaso arte itxarotea ez dela beharrezkoa esaten da, eta, ondorioz, hitzordua nahi denean har daitekeela.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, txertaketa aurreikusitako bidetik garatzen ari da Euskal Autonomia Erkidegoan eta gogorarazi du Osakidetza harremanetan jartzen dela txertoa jarri dezaketen herritarrekin. Horregatik, Osakidetzaren mezua jaso arte zain egoteko eskatu diote jendarteari.
Izan ere, sare sozialetan zabaldutako mezu horretan, SMS horren zain egotea ez dela beharrezkoa esaten da, eta Osakidetzaren webgunera sartzera eta kontsulta egitera animatzen du jendea.
Osakidetzak argi utzi nahi du mezu horrek dioena ez dela egia.