Gizartea -
KORONABIRUSA
81 covid-19 kasu berri atzeman dira Nafarroan, bezperan baino zertxobait gehiago
Ostegunean baino 4 kasu gehiago atzeman ziren atzo, eta kasu berriak duela 7 egun (57) eta duela 14 egun izandakok (75) baino gehiago dira.
EITB MEDIA
Pandemiaren azken datuek agerian uzten dute egoera aldakorra dela Nafarroan; izan ere, nolabaiteko egonkortasun izatetik, olatu berri baten mehatxua piztera igarotzen da egoera, egunaren arabera. Gauzak horrela, datozen jardunaldiak erabakigarriak izango dira zalantzak argitzeko.
Gaurkoan, positiboek apur bat gora egin dute Nafarroan, bezperako datuekin alderatuta. Foru Gobernuak emandako datuen arabera, 81 covid kasu berri atzeman dituzte ostiral honetan, bezperako 77ko kopuruaren gainetik.
Osteguneko datuarekin alderatuta, 4 kasu gehiago dira, eta kontuan izan behar da duela astebete (57) eta duela 14 egun (75) zenbatu ziren kasuak baino gehiago direla; beraz, badirudi bilakaera epidemiologikoa zertxobait okertzen ari dela.
Atzo 2.067 proba egin ziren, PCR eta antigeno testen artean, eta horrek esan nahi du positibotasun tasa % 3,9koa izan zela.
Astean zehar, Foru Erkidegoan 53 kasu atzeman dira astelehenean ( % 2,7), 50 asteartean ( % 2,3), 93 asteazkenean ( % 4,4), 77 ostegunean ( % 3,7) eta 81 ostiralean ( % 3,9).
Txertaketa prozesuari dagokionez, 2.956 dosi jarri zituzten atzo. Horrela, dagoeneko 388.660 txerto inokulatu dira eta 138.141 pertsonak osatu dute txertaketa-pauta osoa.
Ospitaleratzeei dagokionez, 48 covid gaixo zeuden ostegunean Nafarroan ospitaleratuta, horietatik 11 ZIUn.