Gizartea -
Migrazio krisia
Ceutako Fiskaltzak ikerketa ireki du adingabeen berehalako kanporatzeen inguruan
Agintarien arabera, Ceutara iritsi ziren 8.000-10.000 migratzaileetatik, 800 inguru ziren adingabeak.
agentziak | eitb media
Ceutako Adingabeen Fiskaltzak ikerketa izapideak abiatu ditu migrazio krisiaren erdian izan diren adingabeen berehalako kanporatzeak argitzeko, Ministerio Publikoko iturriek jakitera eman dutenez.
Raices Fundazioak salaketa jarri zuen Adingabeen Fiskaltzaren aurrean maiatzaren 19an Ceutara iritsi zen 16 urteko gazte baten inguruan. Igerian iritsi zen, plastikozko botilekin egindako flotagailu batekin, eta negarrez, militar espainiarrei esaten zien "ulertzen" saiatzeko.
Bideo batean jaso zuen kazetari batek, eta bertan ikus daiteke nola militar espainiarrek gaztea hartu eta Marokora itzuli zuten.
Zaurgarritasun egoeran dauden haur eta gazteez arduratzen den Fundazioak kasua Fiskaltzara eramatea erabaki zuen, eta azkenean, ikerketa martxan jartzea erabaki dute, debekatuta baitago muga legez kanpo igaro duten adingabeak berehala kanporatzea.
"Egunotan bat ez, hainbat haur itzuli dituzte mugara, gure legedia eta nazioarteko itunak urratuz", azaldu du Lourdes Reyzabal Raices Fundazioaren presidenteak.
Agintarien arabera, Ceutara iritsitako 8.000-10.000 migratzaileetatik, 800 inguru ziren adingabeak.