Gizartea -
hondartza denboraldia bizkaian
Bizkaiak datorren asteartean ekingo dio hondartzen denboraldiari, edukiera mugatuekin
Ekainaren 1etik aurrera jarriko dira martxan sorospen-zerbitzuak; edukierari buruzko informazioa hondartzan bertan, hondartzen webgunean edo BizkaiUP aplikazioan kontsultatu ahal izango da.
o.p. | eitb media
Bizkaiko hondartzen denboraldia datorren asteartean, ekainaren 1ean, hasiko da, eta aurreko denboraldian ezarri ziren covid-19aren kontrako prebentzio neurri berak aplikatuko dira; beraz, edukiera kontrolatuko da hareatzetan.
Hala adostu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko kostaldeko udalek hondartzak erabiltzeko eta arautzeko esparru orokorra zehazteko egindako bileretan, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Horrela, 30 hondartzainek eta 152 soroslek neurtuko dute hondartzen edukiera zenbateraino dagoen beteta. Edukieraren egoerari buruzko informazioa hondartzan bertan jakinaraziko da, megafoniaren bidez eta, hala badagokio, bandera anbar bat instalatuta, hareatzan dauden erabiltzaileek jakin dezaten edukiera betetzen hasi dela eta modu ordenatuan atera ahal direla.
Halaber, hareatzen okupazioaren berri emango da Aldundiaren hondartzen webgunean ere; bertan, hondartzen okupazio-maila markatuko da panpina berde batekin, bi panpina anbarrekin eta hiru panpina gorrirekin.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak iaz martxan jarritako eta edozein gailu mugikorretan deskarga daitekeen BizkaiUP aplikazioan ere topatu ahal izango da edukierari buruzko informazioa, bai eta hareatzetako berezitasunekin lotutako informazioa ere, udalek une bakoitzean har ditzaketen neurrien ingurukoa, esaterako: aparkalekuen zati bat ixtea, hondartza dinamikoa ezartzea, sarbideekin lotutako gaiak...
Aldundiak eta hondartzak dituzten udalerrietako udalek berretsi egin dute iaz egin zuten deialdia, herritarrek tresna digital horiek kontsulta ditzaten, bertara joan aurretik edukiera maila egokietan dagoela ziurtatzeko.
Nolanahi ere, iaz hondartzetan gehienez ere hiru orduz egoteko egindako gomendioei eutsi zaie, ahalik eta jende gehienak espazio horiez gozatzeko aukera izan dezan. Agintari horiek erabakiko dute, halaber, nola erabili behar den maskara hareatzetan une bakoitzean.
Hondartzetako zerbitzuak
Denboraldi berri honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak urtero hondartzetan ematen dituen zerbitzu guztiak erabilgarri izango ditu berriro, eta 5,2 milioi euro inbertituko ditu horretarako.
Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuak martxan ariko dira, beraz. Uretako 152 sorosle eta beste 20 pertsonak osatuko dute zerbitzua, koordinatzaileak, logistak, patroiak eta laguntzaileak, azken horien artean. Egunero sei koordinatzaile eta 88 sorosle egongo dira zerbitzuan, 24 sorospen-postutan banatuta. 11:00etatik 20:00etara emango dituzte zerbitzuak hondartza denboraldiko egun guztietan.
Gainera, 'Ume Galduak' eskumuturreko zerbitzua mantentzen da hareatza guztietan, hondartzetan galdutako zortzi urtetik beherako haurrak identifikatzeko.
Denboraldi honetan ez da zakarrontzirik edo bidoirik jarriko hareatzaren inguruan, hondartzetarako sarbideetan baizik.
Azkenik, 'Hondartza denontzat' izeneko bainu zerbitzua uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean izango da erabilgarri Arena, Ereaga, Plentzia, Mundaka, Lekeitio eta Ondarroako hondartzetan, 11:15etik 18:45era.