Gizartea -
Koronabirusa
12 eta 15 urte arteko gazteei Pfizerren txertoa ematea onartu du EMAk
Pfizerrek eta BioNTechek 2.260 neraberekin egin zituzten 3. faseko probak, eta eraginkortasuna % 100ekoa izan dela egiaztatu dute.
agentziak | eitb media
Europako Sendagaien Agentziak (EMA) oniritzia eman dio Pfizer/BioNTechen txertoa 12 eta 15 urte arteko gazteei emateari. Hala, 16 urtetik beherakoei emateko moduko covid-19aren aurkako lehenengo txertoa onartu da Europar Batasunean.
Pfizerrek eta BioNTechek 2.260 neraberekin egin zituzten 3. faseko probak, eta eraginkortasuna % 100ekoa izan dela egiaztatu dute. Erantzun immunologikoa "sendoa" izan omen da, eta "orokorrean" ez da albo-ondoriorik izan.
Marco Cavaleri Txertoen Estrategiarako buruak txalotu egin du onarpena prentsaurreko batean. "Onartuta zegoen 16 urtetik gorako gazteentzat, eta orain ditugun datuek agerian uzten dute 12 eta 15 urte artekoentzat ere segurua dela txertoa, horregatik hartu du erabakia komunitate zientifikoak".
Hala eta guztiz ere, zehaztu du estatu bakoitzak erabakiko duela erabili edo ez. "Estatu kideek erabaki beharko dute erabili ala ez, eta nola erabili", azaldu du.
Txertoak helduen ibilbide bera izango du adingabeen kasuan ere, hau da, bi dosi eman beharko dira gutxienez hiru asteko tartean.
"Datuek agerian uzten dute txertoak biziki babesten duela herritar talde hori gaixotasunarekiko segurtasuna prebenitzeari dagokionez", gaineratu du. Dena den, agentzia etengabe ari omen da eragina gainbegiratzen.
Sendagai horren ekoizpena handitu beharko dela eta, Cavalerik esan du EMA lanean ari dela ekoizpen gaitasuna handitzeko baimena emateko, eta txertoa gordetzeko baldintzak malgutzeko, txertaketa errazte aldera.
AstraZenecaren aholkuari eusten dio
Bestalde, agentziak AstraZenecaren bigarren dosia ematearen aldeko iritzia berretsi du lehenengo dosia jaso dutenentzat, ez dagoelako frogatuta bigarrenak tronbosia edukitzeko arriskua handitzen duenik.
Erakundeak azpimarratu du ikerketak daudela bigarren dosiaren eraginkortasuna frogatzen dutenak.