Gizartea -
EUSKARA
Berezko hizkuntzen mozioari Madrilen baietz eta Iruñean ezetz esatea salatu dute
Diputatuen Kongresuan egindakoaren kontra, ofizialtasuna ezartzeko beharrezko aldaketei ezezkoa eman die Nafarroako Parlamentuak. "Kontraesana" ikusten du hor Kontseiluak.
O. A. | EITB MEDIA
Hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten hamar gizarte eragilek, tartean Kontseiluak, bertako hizkuntzen inguruan aurkeztutako mozioa atzera bota zuen atzo Nafarroako Parlamentuak, Navarra Sumaren eta PSNren babesarekin. Aurretik, testu hori bera onartu zuen Diputatuen Kongresuak eta sozialistek alde bozkatu zuten. Kontseiluak ez du ulertzen testu beraren aurrean "bi jarrera antagoniko" izatea.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak bertatik bertara jarraitu zuen Nafarroako Parlamentuko eztabaida, eta erabakia "ulertezina" dela dio. Haren esanetan, Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako testua "Madrilen onartutakoaren berdin-berdina zen".
Bilbaok gogora ekarri duenez, eragileek adostutako eta hamar alderdiren babesa zuen lehen dokumentuak zazpi puntu bazituen ere, eztabaida luze baten ondotik, Diputatuen Kongresuak hiru onartu zituen.
Hedabideetara zabaldutako ohar batean azpimarratu duenez, Kongresuak onartutako hiru puntuetako bat "zuzen-zuzenean" lotzen zaio Nafarroako errealitateari: "Berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu-erreformak bultza eta babes ditzala, hizkuntza horiek ofizialak ez badira hitz egiten diren lurraldearen zati batean edo lurralde osoan". Bilbaoren hitzetan, garbi gelditu zen lurraldearen zati bati erreferentzia egiterakoan, besteak beste, Nafarroaz ari zirela: "Madrilen bozkatu zutenean ere bazekiten ondo zein ondorio zekarren puntu horrek".
Kontseiluko ordezkariak "aitzakiak" jartzea aurpegiratu dio PSNri. Bilbaoren arabera, eztabaidan "une oro" aipatzen zituen beste autonomia erkidegoetako adibideak, baina "autonomia erkidego horietan", Asturiasen kasu, "ofizialtasunaren alde agertzen da bere alderdia". "Nafarroan, aldiz, ofizialtasun hitzak berak sortzen die egonezina", gaineratu du.
Mozioaren sustatzaile diren gizarte eragileak aurrera begira jarri dira eta dagoeneko hitzordua eskatu diote Miquel Iceta Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroari, Kongresuak egindako mandatua Gobernuak autonomia erkidegoetako estatutu-erreformetan nola bultzatuko duen ezagutzeko.
Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencià, Ciemen, Escola Valenciana, Obra Cultural Balear, Òmnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseilua erakundea daude mozioaren atzean.