Gizartea -

EUSKARA

Euskararen murgiltze ereduaren aldeko manifestazioa egingo dute Baionan

Frantziako Konstituzio Kontseiluak, joan den astean, hizkuntza gutxituen legea partzialki atzera bota ondoren, Euskararen Erakunde Publikoak protesta deitu du gaurko; 16:00etan abiatuko da, Laugatik.

Euskaraz ikastearen aldeko aldarria, Ipar Euskal Herrian. Artxiboko irudia.
Seaskaren protesta
Euskaraz ikastearen aldeko aldarria, Ipar Euskal Herrian. Artxiboko irudia.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskarak murgiltzea behar du!" lelopean, manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean Baionan, Euskal Konfederazioa osatzen duten euskalgintzako eragileek eta Ipar Euskal Herriko hautetsiek deituta. Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituak babesteko eta promozionatzeko legea partzialki atzera bota ondotik etorri da deialdia, eta babes zabala jaso du. 16:00etan abiatuko da Lauga kiroldegiaren aitzinetik, eta Roland Barthes plazan amaituko da. "Egoera larria da eta jendartea behar bezalako erantzuna emateko prest da: larunbatean milaka jende izanen gara Baionako karriketan", esan du Euskal Konfederazioak.

Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua garatzen duten eskoletako ordezkariak joango dira manifestazioaren buruan, eta atzetik, euskalgintzako gainerako ordezkariak eta hautetsiak. Azken horiek "Euskal irakaskuntza denontzat" goiburua duen pankarta eramango dute. Amaieran, antolatzaileek agiria irakurriko dute, eta 'Xoxoak galdu euskara' abestuz emango diote amaiera ekitaldiari.

Kultura, politika eta gizarte alorretako 200 eragilek baino gehiagok sinatu dute gaurko deialdiaren manifestua. Bertan jasotzen denez, "Ipar Euskal Herrian familia bakoitzak bere haurrendako irakaskuntza eredua hautatu beharko luke eta aniztasun linguistiko eta kulturala bizi, euskaraz edo okzitaniera gaskoiz". Murgiltze eredua bermatuz, "gizarte proiektu partekatua, irekia eta sosegatua zaintzen eta sustatzen" dela dio testuak.

Deitzaileen iritzian, "Molac Legearen zentsura partzial horrek euskararen alde hamarnaka urtez eraman den engaiamenduaren erabateko ezeztapena eragiten du, eta Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduan diren 5.000 ikasleen familien hautua argiki mespretxatzeaz gain, gure lurraldearekiko eta bere mintzairekiko mespretxua adierazten du ere". Baionan bakarrik ez, Frantziako Estatuko hainbat eskualdetan egingo dira protestak hizkuntza gutxituen alde. 50 mobilizaziotik gora deitu Pour que vivent nos langues kolektiboak.

Asteon, besteak beste, Euskaltzaindia batu da deialdira. Erakunde horren iritzian, "deitoragarria da" Konstituzio Kontseiluak hartutako erabakia, "frantsesaz gain, bestelako hizkuntzak erabiltzen dituzten herritarrak baztertzen dituelako eta hizkuntza gutxiagotuak biziberritzearen alde ari diren erakundeen, elkarteen eta pertsonen eginahalak oztopatzen dituelako". Hein berean, Euskaltzaindiak uste du erabaki horrek "ez duela apalduko euskaltzaleen engaiamendua euskara biziberritzeko".

Ildo beretik mintzatu dira, bateko eta besteko eragileak azken egunotan. Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika arduradun eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak esan zuen euskara inoizko egoera larrienean dela Ipar Euskal Herrian: "Dilindan da dena, egoera larria da, sekula baino larriagoa", esan zuen. Manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen, Frantziako Gobernuak herritarren haserrea ikus dezan: "Gobernuak ikusi behar du haserrea handia dela, Ipar Euskal Herrian bezala hizkuntza gutxituak dauden gainerako lekuetan, eta haserre hori entzunarazi behar diegu".

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidente eta Baionako auzapeza denak ere gogor kritikatu zuen erabakia: "Gerra deklarazioa da". Twitterreko bere kontuan argitaratutako mezuan, ondorengoa esan zuen: "Konstituzio Kontseiluak gaur hartu erabakia gerla deklarazioa da tokiko hizkuntzen kontra! Errepublikaren hizkuntza frantsesa bada ere, tokiko hizkuntzak Frantzia osatzen duten lurraldeen izateen adierazgarri onenak dira".

Bere aldetik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak joan den asteazkenean sare sozialetan zabaldutako mezu batean, murgiltze ereduak hizkuntza gutxituak "biziarazteko" eta horien "etorkizuna bermatzeko" balio ahal izan duela adierazi zuen, eta Seaskak, Diwan (bretoiera), Calendretas (okzitaniera), Bressola (katalana) eta ABCM (altsaziera) elkarteek egindako lana aipatu zuen.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Hizkuntza gutxituen aldeko legearen gakoak

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Iparraldea bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak