Gizartea -
KORONABIRUSA
Behera egin dute kutsatzeek Nafarroan, asteazkeneko igoeraren ostetik
Atzemandako 77 positiboak aurreko bi asteetan zenbatutako datuen antzekoak dira, eta, beraz, beherakadan nolabaiteko geldialdia sumatzen da.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Koronabirus kasuek behera egin dute azken orduetan Nafarroan, asteazkenean atzemandako igoera nabarmenaren ondotik. Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, 77 kutsatze atzeman dituzte.
Atzokoan 2.073 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 23 gutxiago) eta horietatik % 3,7 positibo izan ziren. Hortaz, positibotasun tasak ere behera egin du (% 4,4an zegoen).
Bezperako datuekin alderatuta, 17 kasu gutxiago dira, baina duela astebeteko (72 positibo) eta duela 14 eguneko (70) datuen antzekoak —apur bat altuagoak— izanik, nolabaiteko geldialdia sumatzen da.
Bestalde, 48 pertsona daude ospitaleetan koronabirusak jota –bezperan baino hiru gutxiago-, eta horietatik 11 zainketa intentsiboetako unitateetan artatzen ari dira.
Atzo beste lagun bat ospitaleratu zuten, eta azken orduetan ez da heriotzarik izan. Pandemia hasi zenetik 1.183 hil dira covid-19aren ondorioz Nafarroan.