Gizartea -
Bizkaia
Bederatzi urteko zigorra jaso du Galdakaon amaren bikotekidea hil zuen gizonak
Herri-epaimahaiak gizonezkoaren hilketaren eta bere amaren hilketa saiakeraren errudun jo zuen akusatua, baina arazo psikiatrikoen aringarriekin.
agentziak | eitb media
Bizkaiko Auzitegiak bederatzi urte eta erdiz tratamendu psikiatrikoa jasotzeko zentro batean sartzea agindu dio 2019an Galdakaon amaren bikotekidea hil eta ama bera larri zauritu zuen gizonari.
Maiatzaren 24ko data duen ebazpenean agertzen denez, herri-epaimahaiak gizonezkoaren hilketaren eta bere amaren hilketa saiakeraren errudun jo zuen akusatua, baina arazo psikiatrikoen aringarriekin, ezgaitasunak ez ziolako egiten ari zenaz ohartzen uzten.
Auzitegiarentzat egiaztatuta geratu da, 2019ko ekainaren 7an, 33 urteko gizonezkoa etxeko egongelan sartu zela, argiak itzalita, eta labana handi batekin lo zegoen amaren bikotekidea 23 aldiz sastatu zuela.
Ama logelan zegoen. Esnatu eta egongelara joan zen, eta orduan, semeak 8 aldiz sastatu eta "larri" zauritu zuen.
Epaimahaiak lekukoen testigantzak ere entzun zituen, biktimaren lankideenak, besteak beste, eta esan zuten gizona bikotekidearen semearen beldur zela, lo egiten ari zela hilko ote zuen.
Auzitegi medikuek eta psikiatrek egiaztatu zuten akusatua "ez gai" jo zutela 2007an, eta ordutik ama zen bere tutorea. Diagnosiaren arabera, gizonak ezgaitasun intelektual arina du, zehaztu gabeko nahasmendu psikologikoa eta nahasmendua marihuana kontsumitzeagatik.
"Errealitatearen pertzepzio desitxuratua" duela ondorioztatu zuten, haluzinazioak dituela, eta ez dituela bereizten buruan duena eta errealitatea.
Auzitegiak aintzat hartu du nahasmendu psikiatrikoaren aringarria, baina 9 urte eta erdiz tratamendu psikiatrikoa jasotzeko zentro batean sartzea agindu du. Gainera, absoluzioa eman dio amaren homizidio saiakeran.
Era berean, biktimaren familiarekiko urruntze agindua eta kalte-ordainak ebatzi ditu.