Gizartea -
KORONABIRUSA
Kultur ekitaldietako edukierak eta ordutegiak zabalduko ditu Nafarroak, bihartik
Gehienezko edukiera % 50etik % 60ra pasatuko da. Gehienez, 300 pertsona batu ahalko dira barrualdean, eta 600, kanpoaldean. Gainera, tabernek 23:00etan itxi beharko dituzte barrualdeak.
O. A. | EITB MEDIA
Pandemia tarteko Nafarroako Gobernuak kultur ekitaldiei ezarritako neurriak apur bat "arinduko" ditu bihartik aurrera. Bertako hedabideek zabaldutako informazioaren arabera, gehienezko edukiera % 60koa izango da aurrerantzean (% 50ekoa zen orain arte), eta gehienez 600 pertsona batu ahalko dira barrualdean, eta 600, kanpoaldean. Gainera, tabernek 23:00etan itxi beharko dituzte barrualdeak.
Nafarroako Gobernuak atzo egin zuen bilera kultura sektoreko ordezkariekin, neurrien inguruan hitz egiteko.
Halaber, bihartik aurrera ostalaritzako taberna eta jatetxeek ordubete geroago itxi ahalko dituzte barrualdeak, 23:00etan. Aldaketa horrek peñei, aisialdi elkarteei, bingoei eta joko-aretoei ere eragingo die.
Behin etxeratzeko agindua bertan behera utzita, hil honen erdialdetik terrazak 01:00a arte egon ahalko dira zabalik, baina 24:00etatik aurrera ezin dute bezero berririk hartu.