Gizartea -

Koronabirusa

Urkulluk "lasaitasuna" eskatu die AstraZenecaren lehen dosiarekin txertatutakoei

EAEra astelehenean hel daitezkeen prestakinen inguruan ez du kopururik zehaztu nahi izan: "Astero gabiltza berdin, izango dena diotena eta azkenean izango dena ahotan".

Urkullu, kazetarien galderak erantzuten, Legebiltzarraren atarian. Argazkia: EFE
Urkullu, kazetarien galderak erantzuten, Legebiltzarraren atarian.
AstraZenecaren bigarrena nahi dutenek itxaron egin beharko dutela esan du lehendakariak

0:40

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak "lasaitasuna" eskatu die AstraZenecaren lehen dosia jaso eta bigarrenaren zain daudenei, "epe batean edo bestean, txerto batekin edo bestearekin, txertoaren zikloa osatuko dutelako".

Lehendakariak Legebiltzarraren atarian egin ditu egin ditu adierazpenok, kazetarien galderari erantzunez.

Pfizerren bigarren dosia baztertu eta pauta AstraZenecarekin osatu nahi dutenei buruz Urkulluk esan duenez, "itxaron beste aukerarik ez dute". Hala ere, egoera horretan daudenei zuzenduta esan du saio klinikoek frogatu dutela etxe bateko txertoak eta besteak "osagarriak" direla. "Epe batean edo bestean, txerto batekin edo bestearekin, jaso egingo dute", gaineratu du.

Astelehenean Espainiako Estatura heltzekoa den prestakin suediar-britainiarraren partida handi horretatik (1,3 milioi dosi) EAEk zenbat jasoko dituen itaunduta, zuhur agertu da lehendakaria: "Astero gabiltza berdin, izango dena diotena eta azkenean izango dena ahotan". 

Azkenik, gogorarazi du LABIren Aholku Batzordea astelehenean bilduko dela, eta maiatzeko datuak aztertu ondoren hartuko dituela erabakiak. Horretarako, beti bezala, batzorde teknikoak egindako txostena izango dute oinarri.

Urkulluren esanetan, dirudienez egungoa pandemiaren "azken fasea" da. Nolanahi ere, "azken ahalegin bat" egiteko deia egin du, zuhurtziaz jokatzeko, eta indarrean dauden babes-neurriak errespetatzen jarraitzeko "erantzukizun indibidual eta kolektiboa" eskatu die herritarrei.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa LABI