Gizartea -

TXERTAKETA

Hasi dira funtsezko kolektiboetako langileei bigarren dosia ematen, Pfizerrena

Txertaketa Bilbon hasi da, eta datozen egunetan Barakaldon, Gasteizen eta Donostian jarraituko du. AstraZenecaren bigarren dosia nahi dutenak itxaron zerrenda batean sartuko dituzte.

Ertzain bat AstraZeneca etxearen txertoa jasotzen. Artxiboko argazkia: Irekia
Ertzain bat AstraZeneca etxearen txertoa jasotzen
AstraZeneca jaso zuten 60 urtez azpiko ertzainak hasi dira Pfizerren txertoa jasotzen

1:10

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten funtsezko kolektiboetako 60 urtetik beherako langileei Pfizerren dosiak ematen hasi da ostegun honetan Osakidetza.

Txerkaketa Bilbon abiatu dute, Casilla pabilioian eta Santa Marina ospitalean. Lehen txanda honetan 855 langile deitu dituzte bigarren dosia jartzeko, gehienak Hezkuntzako profesionalak dira. Halaber, Ertzaintzako erizainek beste 600 agente txertatuko dituzte gaurtik aurrera.  

Kolektibo horietako langileek AstraZenecaren bigarren dosia hartzeko eskubidea dute, baina dokumentu bat sinatu beharko dute Pfizerrena jasotzeko aukerari uko egiten diotela esanez, eta ondoren itxaron zerrenda batean sartuko dituzte.

Txertaketa Bilbon hasi bada ere, datozen egunetan beste hainbat tokitan jarraituko du: Barakaldoko BEC erakustazokan, Gasteizko Lakua frontoian eta Donostiako Illunben.

Ertzaintzak Erandioko eta Oiartzungo polizia-etxeetan eta Arkautiko akademian ezarri ditu bere agenteak txertatzeko guneak.  

Bigarren fase honetan, AstraZenecaren lehen dosia hartu zuten 5.815 agentek eta Arkautiko 694 ikaslek jasoko dute bigarrena.

Gainera, orain arte lehen dosia jaso ez duten gainerako agenteak txertatzen hasiko dira. Multzo horretan daude, adibidez, azken sei hilabeteetan koronabirusa gainditu dutenak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, lehen txertoaren hurrenkera errespetatuko dute bigarrena ematerakoan.

ErNE, auzitara joateko prest

Bestalde, Roberto Seijo ErNE sindikatuko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urtetik beherako agenteek Oxfordeko bigarren dosia 16. astean jasotzen ez badute, auzitara joko dute.

Seijoren hitzetan, "orri bat sinatzera behartuz" eta Pfizer jasotzeari uko eginez, Ertzaintza eta Udaltzaingoetako agente asko zer egin jakin gabe geratu dira, "une honetan ez dagoelako AstraZenecaren txerto nahikorik lehenengoa etxe horretakoa jarri duten pertsona guztientzat".

Azaldu duenez, "ondoez handia" dago lankideen artean; izan ere, ez dute behar besteko bermerik, eta, beraz, uko egingo diote Pfizer jartzeari. Horregatik, ErNEko buruaren ustez, Osasun Sailak eta Osakidetzak "Espainiako Gobernuarekin hitz egin behar dute", AstraZenecaren dosi bat jaso zuten agenteek "bigarren txerto bat izateko eskubidea bermatzeko".

"AstraZenecaren bigarren dosia jasotzeko epeak 16. asteko muga gainditzen duenean", ErNEk auzitegietara joko duela ohartarazi du.

Epaileek atzera bota dute ELAren kautelazko neurria

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du txertatu gabe gelditu ziren 180 ertzainei txertoa jartzeko ELAk eskatutako kautelazko neurria.

Horren arabera, ez zen erakundeen aldetik axolagabekeriarik egon, eta txertaketa estrategian izandako aldaketen ondotik etorri zen erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Osasunari buruzko albisteak Txertoak azken ordukoa Koronabirusaren Eris aldaera gaur