Gizartea -
KORONABIRUSA
50 positiboren langa gainditu du berriro Nafarroak
Azken egunetako beherazko joera hautsiz, igoera txiki bat izan da kutsatze berrien kopuruan, baina positibotasun tasak behera egin du. Hamar egunetan lehen aldiz ez da ospitaleratzerik izan.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Azken orduetan gora egin dute positiboek Nafarroan, azken egunetako beheranzko joera hautsiz. Guztira, 53 kasu berri hauteman dituzte. Alabaina, hamar egunetan lehen aldiz ez dute inor ospitaleratu covid-19agatik. Halaber, zortzigarren egunez jarraian ez da heriotzarik izan gaitz honekin lotuta.
Guztira, 1.955 proba egin dituzte, bezperan baino 838 gehiago, eta horietatik % 2,7k eman dute positibo. Beraz, positibotasun tasak behera egin du, bezperan % 4,1ekoa baitzen.
Nafarroako Gobernuak gaur zabaldutako datuen arabera, atzo 53 positibo berri hauteman zituzten, igandean baino 9 gehiago eta larunbatean baino 14 gehiago.
Kutsatze gehien pilatu dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Antsoain ageri da buruan, bost kasurekin. Ondoren datoz Etxarri Aranatz, Mutiloa eta Iruñeko Txantrea auzoa launa positiborekin. Azkenik, Dorraon eta Zizur Nagusian, hiruna kutsatze zenbatu dituzte.
Ospitaleetan 64 paziente daude koronabirusak jota, bezperan baino 13 gutxiago, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 13 lagun daude (lau gutxiago).
Pandemia hasi zenetik 1.182 heriotza eta 61.628 kutsatze izan dira Nafarroan.
Bestalde, orain arte 129.662 pertsonek jaso dute koronabirusari aurre egiteko txertoen pauta osoa Nafarroan.