Gizartea -
Txertaketa
Hasi dira hitzorduak ematen AstraZenecaren txertoa jaso zuten 60 urtetik beherakoei
83.000 profesionalek baino gehiagok hartu zuten AstraZenecaren lehen dosia eta orain Osakidetzaren deiaren zain daude bigarren dosia hartzeko. AstraZenecaren edo Pfizerren artean hautatu beharko dute.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Osakidetza astelehen honetan hasi da hitzorduak ematen AstraZenecaren lehen dosia hartu zuten 60 urtetik beherako pertsonei bigarren dosia emateko.
Osasun agintariek hala erabakita, Pfizerrena jarriko zaie orain, baina AstraZenecaren bigarren dosia hartzeko aukera izango dute. Horretarako, baina, onespen bat sinatu beharko dute, eta pertsona horiekin beste agenda bat egingo dute. Ildo horretan, Osasun Sailak ohartarazi du pertsona horien txertaketa AstraZenecak bidaltzen dituen dosien arabera egingo litzatekeela.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 60 urtetik beherako 83.000 funtsezko langile baino gehiagok jaso zuten AstraZenecaren lehen dosia eta bigarrena noiz hartuko zain daude.
Tokatu zaion txertoa jaso ostean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aitortu du ezinegona sortu dela kolektibo horretako pertsonen artean eta baieztatu du Osakidetza gaur goizean hasi zela hitzorduak emateko deiak egiten.
"AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten 60 urtetik beherako pertsona guztiek Osakidetzaren deia jasoko dute egunotan", berretsi du.
Bestalde, sailburuak azpimarratu du 16 urtetik gorako herritarren % 47k hartu dutela covid-19aren aurkako txertoren baten lehen dosia, eta % 22 baino gehiago direla dagoeneko immunizatuta daudenak.
60 urtetik gorakoen txertaketa
Bestalde, Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroaren zuzendariak esan du AstraZenecaren lehen dosia hartu zuten 60 eta 70 urteko pertsonen txertaketa Pfizerrekin amaitzea aztertu beharko litzatekeela.
"60 urtetik beherako askok AstraZenecaren bigarren dosia hartzea erabakitzen badute, 60 eta 70 urte bitartekoei Pfizerrena ematea aztertu beharko litzateke", adierazi du arratsalde honetan egin duen agerraldian.
Halaber, AstraZenecaren txerto nahiko izango dela esan du. "Printzipioz, txerto nahiko izango ditugu, orain arte jasotakoak eta iritsi behar zaizkigunak kontuan hartuta", erantsi du.
Ildo horretan, Simonek jakinarazi du hirugarren hiruhilekoan 12 milioi dosi gehiago jasoko dituela Estatuak.
BIDEOA | Gotzone Sagarduik Modernaren txertoa jaso du