Gizartea -

ezkontzen estatistikak

Euskadin egindako ezkontzen kopurua ia erdira jaitsi zen iaz

Pandemiaren eta mugikortasun murrizketen ondorioz, ezkontza kopurua % 45,9 murriztu da 2019ko datuekin alderatuta. Ezkontza zibilen ehunekoak gora egin du, baita ezkongaien adinak ere.

Eraztunak. Argazkia: freepik
Eraztunak.
Eraztunak. Argazkia: freepik

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemiak eta horri aurre egiteko hartutako murrizketek eragin nabarmena izan dute iaz Euskadin izandako ezkontzen kopuruan: 4.041 bikote ezkondu ziren 2020an, aurreko urtean baino ia erdia gutxiago ( % 45,9), Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur jakitera eman dituen datuen arabera.

Lehen hiruhilekoan jaitsiera % 10,5ekoa izan bazen ere, bigarren hiruhilekoan % 79,1an murriztu zen ezkontza kopurua, konfinamenduak eta mugikortasun murrizketa gogorrek markatutako hilabeteetan. Apirila eta maiatza nabarmentzen dira, 14 eta 87 ezkontza baino ez baitziren ospatu hilabete horietan, hurrenez hurren. Hirugarren hiruhilekoan jaitsiera % 43,3koa izan zen eta, azken hiruhilekoan gorakada txiki bat egon zen arren, urteak % 45,9ko jaitsiera orokorra utzi du.

10 ezkontzatik 9 zibilak izan ziren, zehazki % 93,8, 2019ko % 87,5 baino nabarmen gehiago.

Bestalde, 2020an bikote homosexualen arteko 145 ezkontza izan ziren, 49 gizonezkoen artekoak eta 96 emakumezkoen artekoak.

Datuek erakusten dutenez, ezkongaien adinak gora egin du; izan ere, senarren % 91,4k eta emazteen % 84,8k 30 urte edo gehiago zituzten, (% 90,2 eta % 82,7 izan ziren, hurrenez hurren, 2019an).

Bestalde, iaz ezkondu ziren senarren % 15,2 eta emazteen % 21,5 atzerritarrak ziren, 2019an baino gehiago, orduan % 10,6 eta % 15,3 baitziren, hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Eustaten datuak