Gizartea -
Koronabirusa
Bordeleko auzo bateko bizilagunak txertatuko dituzte aldaera berri bat geldiarazteko
Gobernuak 19.000 dosi bidaliko ditu asteazkenean Bacalan auzora, bertan zabaldu den aldaera berri bati aurre egiteko asmotan. 18 urtetik gorako biztanle guztiek izango dute immunizatzeko beta.
E. G. | EITB MEDIA
Covid-19aren beste aldaera bat atzeman dute Bordelen (Akitania Berria), zehazki Bacalan izeneko auzoan. Hura geldiarazteko hainbat neurri hartu ditu Frantziako Gobernuak, tartean aitzindaria den bat: 18 urtetik gorako biztanle guztiak txertatuko dituzte asteazkenetik aurrera, Frantziako Estatuan lehen aldiz.
Aldaerari berari buruz informazio gutxi dago oraindik. VOC 201/484Q izena jarri diote, eta nonbait aldaera britainiarra du oinarri, baina mutazio lokal batekin. Kutsakorragoa ere bada, baina adituek nabarmendu dute ez duela zertan larriagoa izan. Orain arte kutsatutako gehienak gazteak dira, adinez nagusiagoak babestuta daudelako eta txertoa eraginkorra delako aldaera horren kontra.
Egindako ikerketen arabera, maiatzaren 8ko (jaieguna Frantzian) familia bazkari batean atzeman zituzten lehen kasuak, eta Bacalan auzoko Charles Martin eskolara zabaldu zen handik. Gerora, hedatzen ari zela ikusita, hainbat neurri hartu zituzten hiriko agintariek, Frantziako Gobernuarekin adostuta. Lehena auzoa bera ia osorik konfinatzeko erabakia izan zen.
Bigarrenik, baheketa masibo bat egin zuten, ahalik eta kasu gehien topatzeko. Asteburuan egin dituzte probak, eta 46 positibo atzeman dituzte.
Dena dela, hirugarren neurria da, zalantza barik, deigarriena. Auzoan bertan txertaketa gune bat paratuko dute, eta 18 urtetik gorako edonork jarri ahalko du txertoa bertan, Frantziako Estatuan lehen aldiz. Hori horrela, 19.000 dosi bidaliko dituzte Bacalan auzora. Pierre Humic Bordeleko auzapezak Sud'Ouest egunkariari azaldu dionez, asmoa da ahalik eta jende gehien immunizatzea, eta horretarako komunikazio kanpaina abiatu dute: sakelakoetara 5.000 mezu bidali eta postontzietan informazio paskinak banatu dituzte.