Gizartea -
EUSKARA
Frantziako Agerkari Ofizialean argitaratuta, indarrean da hizkuntza gutxituen legea
Konstituzio Kontseiluak bi artikulu indargabetu ostean, Macron presidenteak legea sinatu du eta atea itxi dio Asanblea Nazionaleko erreforma bideari. Konstituzioa aldatzea litzateke hurrengo pausoa.
O. A. | EITB MEDIA
Atzo Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sinatu ostean, gaur argitaratu dute hizkuntza gutxituak babesteko eta promozionatzeko legea Frantziako Errepublikako Agerkari Ofizialean. Ostiralean Frantziako Konstituzio Kontseiluak legearen bi artikulu indargabetu zituen, tartean, murgiltze ereduari buruzkoa, eta, beraz, edukiz hustu egin zuen.
Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren ondotik, Asanblea Nazionalak legea berrikusi ahal izatea eskatu zuten hainbat diputatuk, baina legea sinatuta aukera horri atea itxi dio Macron presidenteak. Gauzak horrela, bere horretan sartu da indarrean legea eta, orain, Frantziako Konstituzioa aldatzea da aukera bakarra eskualdeko hizkuntzei kendutako babesa emateko.
Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legearen 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aurkakoak (frantsesa da Frantziako Errepublikako hizkuntza bakarra) direla ebatzi zuen. Konstituzio Kontseiluak murgiltze eredua Konstituzioaren aurkakoa zela ondorioztatu zuen eta baita frantsesak bere ez dituen zeinu diakritikoak (adibidez "ñ") dokumentu ofizialetan erabiltzea ere.
Molac lege gisa ere ezaguna denaren bi artikulu indargabetu ondoren, oraindik ere bazegoen legea aldatzea eta onartzea Konstituzioa aldatu beharrik gabe. Zehazki, Macron presidenteak bi asteko epea zuen, nahi izatera, Asanblea Nazionalari eskatzeko ezbaian dauden bi artikuluei buruzko hausnarketa egiteko. Kasu horretan, proposamen berria aurkeztuko ahalko lukete diputatuek.
Macron presidenteak, ordea, legea sinatu egin du eta erreformarako bidea itxi du.
Legea aldatzeko gelditzen den aukera Frantziako Konstituzioa aldatzea da. Aitzitik, bidea luzea eta zaila da.
Asanblea Nazionalak iragan apirilaren 8an onartu zuen hizkuntza gutxituen aldeko legea, aldeko 247 botorekin.