Gizartea -

KORONABIRUSA

Gaur hasiko dira AstraZeneca hartu zuten 60tik beherakoei deitzen, bigarrenerako

Pfizerren formula jasoko dute oraingoan pertsona horiek. Txertaketa pauta AstraZenecarekin osatu nahi dutela adierazten dutenak "beste agenda batean" sartuko dituzte.

Illunbeko txertaketaren artxiboko irudia.
Illunbeko txertaketaren artxiboko irudia.
Bihar hasiko dira AstraZeneca hartu zuten 60tik beherakoei deitzen, bigarrenerako

2:18

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan hasiko da Osakidetza AstraZenecarekin txertatutako 60 urtetik beherako oinarrizko langileei deitzen, covid-19aren kontrako bigarren txertoa jasotzeko hitzordua emateko.

Hilaren 26tik uztailaren 8ra arte bigarren dosia jaso beharko lukete EAEn otsailaren 26tik apirilaren 8ra lehen dosia jaso zuten kolektibo horretako 83.300 pertsonek; AstraZenecaren lehen dosia jaso eta hiru hilabetera, hain zuzen ere.

2021eko otsailaren 26an hasi zen Euskal Autonomia Erkidegoan 60 urtez azpiko oinarrizko langileen txertaketa AstraZeneca erabiliz, Haur Hezkuntzako irakasleekin, Hezkuntza Berezikoekin eta jangeletako langileekin, horretarako mutuak erabiliz. Egun batzuk geroago, martxoaren 1ean, "txertaketa masiboa" hasi zen, Illunbeko "bakunodromoa" estreinatuz. Egun hartatik aurrera, besteak beste, udaltzainak, suhiltzaileak, ertzainak, kartzeletako langileak, farmazialariak, migratzaileen zentroetako langileak, arrantzaleak, albaitariak eta fisioterapeutak ere txertatzen hasi ziren.

Martxoaren 15ean, aldi baterako geldiarazi zuten AstraZenecaren txertaketa EMA Sendagaien Europako Agentziak txerto horrek tronbo kasu arraro batzuekin zerikusirik ba ote zuen ikertzen zuen bitartean, eta martxoaren 24an berriro ekin zitzaion txertaketari. Apirilaren 7an "harremana bazegoela" ondorioztatu zuen EMAk, baina kasuak zeinen bakanak ziren ikusita, txertoa "segurua" zela berretsi, eta berau jartzen jarraitzeko eskatu zuen. Hainbat gobernuk, ordea, Espainiakoak tarteko, bertan behera utzi zuten 60 urtetik beherakoekin erabiltzeko aukera.

ETBri egindako adierazpen batzuetan, Gotzone Sagarduik azaldu du hitzorduak Pfizer jartzeko izango direla: "Osasun Publikorako akordioak esaten duena ez da aukeran emateko, baizik eta jarraitu behar den pautan bigarren dosia Pfizerrena izatea dela, eta horri uko egiten dionari aukera emateko, ezohikotasunez, AstraZeneca eskatu ahal izateko".

Hala, printzipioz, oinarrizko kolektiboetako langileek Pfizer jasoko dute bigarren ziztada horretan, eta Oxforden formula nahi dutenak "agenda ezberdin batean sartuko dira".

AstraZeneca aukeratzen dutenek "baimena emateko dokumentua" sinatu behar izatearen inguruan, Sagarduik gogorarazi du "beste prozedura batzuetan ere hartzen den erabakia" dela, "erabaki nagusia ez den bat hartzeak suposatzen duen arriskuaren jakitun izatea" eskatzen dela, alegia. "Kasu honetan, aukera pertsonal bat egitea dela uste dut", gaineratu du.

Osasun Sailak logistikaren eta hitzorduen prozesuaren berri ematen jarraituko du datozen egunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak