Gizartea -
Euskara
Bilkura deitu dute hilaren 29an Baionan, Konstituzio Kontseiluaren ebazpena salatzeko
Frantziako Konstituzio Kontseiluak partzialki atzera bota du hizkuntza gutxituen legea eta, ondorioz, murgiltze eredua ez da gauzatuko. "Gerra deklarazioa" dela azpimarratu du Jean-Rene Etchegarayk.
EITB MEDIA
Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituak babesteko eta promozionatzeko legea partzialki atzera bota ondoren, agerraldia egin dute arratsaldean Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten erakundeetako ordezkariek, Ipar Euskal Herriko hautetsiek eta euskalgintzako eragileek ebazpena baloratzeko.
Gogor kritikatu dute erabakia eta ideia nagusi bat plazaratu dute: euskarak eta hizkuntza gutxituek aurrera egingo badute, behar beharrezkoa dela Frantziako Konstituzioa aldatzea.
Halaber, ebazpena salatzeko mobilizazioa deitu dute datorren asteko larunbaterako –maiatzaren 29an, 16:00etan- Baionan.
Asanblea Nazionalak iragan apirilaren 8an onartu zuen legea eta, gerora, 60 diputatuk helegitea aurkeztu zuten Konstituzio Kontseiluaren aurrean, eta gaur goizean jakinarazi du azken horrek bere erabakia.
Zehazki, legearen 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aurkakoak (frantsesa da Frantziako Errepublikako hizkuntza bakarra) direla ebatzi du. Molac lege gisa ere ezaguna egin denaren 4. artikulua murgiltze ereduari buruzkoa da eta 9. artikulua, ostera, estatu zibileko dokumentuetan zeinu diakritikoaren (adibidez "ñ") erabileraren ingurukoa.
Ondorioz, hizkuntza gutxituen murgiltze eredua ez da legeztatuko ezta Frantziako Hezkuntza Kodean sartuko ere. Gainera, dokumentu ofizialetan ñ bezalako letrak ezingo dira aurrerantzean ere erabili.
60 diputatuk legearen 6. artikuluaren kontra jarri zuten helegitea eta, bada, artikulu horrek Konstituzioa errespetatzen duela ebatzi du. Hala eta guztiz ere, legearen gainerako artikuluak ere aztertu ditu, ofizioz.
Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria atsekabetuta mintzatu da Euskadi Irratian: "Erabaki politikoa da". Salatu duenez, ez dute entzun Frantziako hautetsien gehiengoaren ahotsa eta iraganean jarraitzen dute.
Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidente eta Baionako auzapeza denak gogor kritikatu du erabakia: "Gerra deklarazioa da". Twitterreko bere kontuan argitaratutako mezuan dioenez, "Errepublikaren hizkuntza frantsesa bada ere, tokiko hizkuntzak Frantzia osatzen duten lurraldeen izateen adierazgarri onenak dira".
Bestalde, Eskualdeko hizkuntzen legearen bultzatzaileak Paul Molacek Kontseilu Konstituzionalaren erabakia sinestezina dela esan du Twiterren eta Konstituzioa aldatzeko lege proiektua abiatzea eskatu du. Ildo horretan, Errepublikako hizkuntza frantsesa dela dioen artikulua aldatu behar dela esan du.
Andde Sainte Marie Akitania Berriko kontseilariak esan du erabakia "erdipurdikoa edo patetikoa"ren arteko zerbait dela, "ikusteko molde atzerakoia" erakusten duela, eta "atzerapauso harrigarria" dela. Izan ere, "kontsentsuaren gainetik", "balore jakobinoak" nagusitu direla iritzi dio.
Charline Claveay Okzitanieraren erakunde Publikoaren presidentearen arabera, "hizkuntzen aitortzari buruzko debatea berriro zabaldu behar da, gaur egungo Konstituzioarekin ezin delako urratsik egin".
Euskaltzaindia ere ebazpenaren aurka agertu da, eta atsekabea adierazi du. Izan ere, Frantziako Konstituzioko bigarren artikuluarekin beti "Frantziako Errepublikako eskualdeetako hizkuntzak oztopatu" eta "bigarren mailan" utzi nahi dituztela uste du.
EH Bilduk, bere aldetik, elkarretaratze batean parte hartuko du asteburu honetan, larunbatean, ebazpena salatzeko.
EAJk agiri baten bidez salatu du Konstituzio Kontseiluaren erabakia, "hizkuntzen sustapenean aurrekaririk gabeko atzerapena" ekarriko duelakoan.