Gizartea -
IPAR EUSKAL HERRIA
Hizkuntza gutxituen legea partzialki ezeztatu du Frantziako Konstituzio Kontseiluak
Zehazki, legearen 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla ebatzi du. Ondorioz, ez da murgiltze eredua legeztatuko. "Gerra deklarazioa" gisa jo du Jean-Rene Etchegarayk.
EITB MEDIA
Frantziako Konstituzio Kontseiluak atzera bota du, partzialki, hizkuntza gutxituak babesteko eta promozionatzeko legea. Asanblea Nazionalak iragan apirilaren 8an onartu zuen legea eta, gerora, 60 diputatuk helegitea aurkeztu zuten Konstituzio Kontseiluaren aurrean. Bada, gaur jakinarazi du azken horrek bere erabakia.
Zehazki, legearen 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aurkakoak (frantsesa da Frantziako Errepublikako hizkuntza bakarra) direla ebatzi du. Molac lege gisa ere ezaguna egin denaren 4. artikulua murgiltze ereduari buruzkoa da eta 9. artikulua, ostera, estatu zibileko dokumentuetan zeinu diakritikoaren (adibidez "ñ") erabileraren ingurukoa.
Ondorioz, hizkuntza gutxituen murgiltze eredua ez da legeztatuko ezta Frantziako Hezkuntza Kodean sartuko ere. Gainera, dokumentu ofizialetan ñ bezalako letrak ezingo dira aurrerantzean ere erabili.
60 diputatuk legearen 6. artikuluaren kontra jarri zuten helegitea eta, bada, artikulu horrek Konstituzioa errespetatzen duela ebatzi du. Hala eta guztiz ere, legearen gainerako artikuluak ere aztertu ditu, ofizioz.
Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria atsekabetuta mintzatu da Euskadi Irratian: "Erabaki politikoa da". Salatu duenez, ez dute entzun Frantziako hautetsien gehiengoaren ahotsa eta iraganean jarraitzen dute.
Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidente eta Baionako auzapeza denak gogor kritikatu du erabakia: "Gerra deklarazioa da". Twitterreko bere kontuan argitaratutako mezuan dioenez, "Errepublikaren hizkuntza frantsesa bada ere, tokiko hizkuntzak Frantzia osatzen duten lurraldeen izateen adierazgarri onenak dira".
Bestalde, Eskualdeko hizkuntzen legearen bultzatzaileak Paul Molacek Kontseilu Konstituzionalaren erabakia sinestezina dela esan du Twiterren eta Konstituzioa aldatzeko lege proiektua abiatzea eskatu du. Ildo horretan, Errepublikako hizkuntza frantsesa dela dioen artikulua aldatu behar dela esan du.
Andde Sainte Marie Akitania Berriko kontseilariak esan du erabakia "erdipurdikoa edo patetikoa"ren arteko zerbait dela, "ikusteko molde atzerakoia" erakusten duela, eta "atzerapauso harrigarria" dela. Izan ere, "kontsentsuaren gainetik", "balore jakobinoak" nagusitu direla iritzi dio.
Charline Claveay Okzitanieraren erakunde Publikoaren presidentearen arabera, "hizkuntzen aitortzari buruzko debatea berriro zabaldu behar da, gaur egungo Konstituzioarekin ezin delako urratsik egin".
Euskaltzaindia ere ebazpenaren aurka agertu da, eta atsekabea adierazi du. Izan ere, Frantziako Konstituzioko bigarren artikuluarekin beti "Frantziako Errepublikako eskualdeetako hizkuntzak oztopatu" eta "bigarren mailan" utzi nahi dituztela uste du.
EH Bilduk, bere aldetik, elkarretaratze batean parte hartuko du asteburu honetan, larunbatean, ebazpena salatzeko.
EAJk agiri baten bidez salatu du Konstituzio Kontseiluaren erabakia, "hizkuntzen sustapenean aurrekaririk gabeko atzerapena" ekarriko duelakoan.