Gizartea -
GARRAIO PUBLIKOA
Metro Bilbaok Urduliz eta Plentzia arteko tren zerbitzua berrezarri du
Bi udalerrien arteko metro zerbitzua lau hilabetez egon da etenda, lur jausi baten ondorioz. Autobus zerbitzu batek lotu ditu bi geltokiak gaur arte.
EITB MEDIA
Metro Bilbaok Urduliz eta Plentzia arteko tren zerbitzua abiatu du berriro, urtarrilean izen zen luizi baten ondorioz lau hilabetez itxita egon ondoren.
Konpainiak gogorarazi duenez, urtarrilaren 5ean izandako euriteen ondorioz, lur jausi bat egon zen eta bi herrien arteko metro zerbitzua eten behar izan zuen. Egun horretatik aurrera, autobus zerbitzua izan zuen martxan bi geltoki horien arteko bidea egiteko, tarte horretan mugikortasuna bermatze aldera.
Ordezko zerbitzuari esker, erabiltzaileek Urduliz eta Plentzia arteko bidea egiten jarraitu ahal izan dute, autobusez, metroaren ordutegi eta maiztasun berarekin. Zerbitzuak 419.100 euroko kostua izan du.
Metro Bilbaoren arabera, zerbitzua berrezartzeko egin behar izan dituzten lanak zailak izan dira. Bizkaiko Garraio Partzuergoak lizitatutako proiektua gauzatu aurretik, azterketa geotekniko bat behar izan dute mendi hegalaren egoera aztertu eta eraikuntza proiektua horren arabera egiteko.
Proiektua lizitatu eta esleitutakoan, martxoan hasi ziren lanak. Faserik zailena 16 metroko luzerako 22 ainguraketa iraunkor instalatzea izan da; rotoperkusio bidez zulatuta sartu dituzte, lurrean zuloak egiteko ekipo bat erabiliz. Ainguraketak bertikalean (10) eta diagonalean (12) sartu dituzte mendi-hegalean, eta, ondoren, tenkatu egin dituzte, lurzorua are gehiago bermatzeko. Obrak 266.547 euroko kostua izan du.
Lanak amaitu ondoren, aste honetan hainbat tren ibili dira Urduliz eta Plentzia artean probak egiten, eta proben emaitza ona izan da. Hori dela eta, metro zerbitzua berriro martxan jartzea erabaki dute.