Gizartea -

MIGRAZIOA

30 migratzaile inguru sartu dira Melillan, hesia gaindituta

Ostegunetik ostiralerako gauean dozenaka lagun ahalegindu dira Maroko eta Espainia arteko muga igarotzen. Barne ministro espainiarrak azaldu duenez, Marokora itzularaziko dituzte.

Migratzaileak Ceutan aste honetan. Argazkia: EFE
Migratzaileak Ceutan aste honetan
Migratzaileak Ceutan aste honetan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka migratzaile ahalegindu dira bart Marokotik Melillara igarotzen, eta horietako batzuek (30 inguru) helburua lortu dute, Melillako Gobernuak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainiarrak baieztatu dutenez.

22:20 eta 03:45 bitartean gertatu dira saiakerak.

Espainiako Gobernuak Melillan duen Ordezkaritzak ez du zehaztu nora eraman dituzten 30 migratzaileak, baina guztiak gizon helduak direla eta inor ez dagoela zaurituta azaldu du.

22:20an pertsona talde bat mugako hesira hurbildu da Mariguari eta Farhana inguruan, eta 20 migratzailek Melillan sartzea lortu dute.

24:00etan, Farhana errekatik gertu, beste jende multzo handi bat hurbildu da hesira, eta horietako 10 Melillara heldu dira.

Geroago, gutxienez beste hiru saiakera izan badira ere, ez dute helburua lortu.

Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak, Udaltzaingoak eta Armadak parte hartu dute Melillan indarrean jarri duten operatiboan.

COPE irrati kateari eskainitako elkarrizketan Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak adierazi duenez, Melillan sartzea lortu duten migratzaileak Marokora itzularaziko dituzte, nazioartearen babesa dutenak izan ezik.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordearen esanetan, Marokok mugak kontrolatzeari ekin dio berriro, eta ez du uste azken orduetan Marokotik Melillara migratzaileak heldu izana Espainiaren aurkako beste erantzun bat denik, gertaera zehatz bat baizik.

Gauzak horrela, Melillako azken gertakariak "noizean behin gertatzen diren" gertakarien baitan kokatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Espainia albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Maroko